Asteburu bete-betea Debarren Egunaren bueltan

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko maiatzaren 13a

Gaurtik igandera bitartean, Deba jai-giro betean murgilduko da. Lau eguneko egitarauaren baitan, kontzertuak, dantzak, erromeriak, lehiaketak, kalejirak, erraldoiak, herri kirolak eta entzierroak nabarmentzen dira, herritar guztien gozamenerako.

Heldu da maiatzeko hirugarren asteburua, eta, harekin batera, askorentzat urteko hitzordu kutunenetako bat: Debarren Eguna. Egun handia igandean (maiatzak 17) izango bada ere, aurretik hasiko da martxan egitaraua.

Hain zuzen ere, gaur (maiatzak 13) abiatuko dute aurtengo programa, Euskal Herrian galtzeko arriskuan dauden bertako behi-arrazak hizpide dituen Suharra dokumentalaren proiekzioarekin eta ondorengo solasaldiarekin. 19:00etan izango da hitzordua Kultur Elkartean eta, antolatzaileek aurreratu dutenez, Asier Albite dokumentalaren zuzendaria eta Itziarko Albara ganadutegiko arduraduna ere bertan izango da. Sarrera librea izango da, eta ikus-entzunezkoa euskaraz proiektatuko dute, gaztelaniazko azpitituluekin. 

Bertsoa eta pilota uztartuko dituen ikuskizuna hartuko du Aldats pilotalekuak larunbat eguerdian

Gainean dugun asteburuari begira, berriz, askotariko proposamenek hartuko dute protagonismoa. Ostiralean (maiatzak 15), LH4 eta DBH2 arteko ikasleei zuzendutako paella-lehiaketa egingo dute Luzaro ikastetxeko patioan, 18:30ean, eta 19:30ean, Kalean Kantuz taldeak girotuko ditu herriko kaleak, Musika Eskolatik abiatuko den saio ibiltariarekin. Eguna amaitzeko, Debako Musika Bandak kontzertua emango du elizako klaustroan, 22:00etan.

Jardueraz beteta

Larunbata (maiatzak 16) ere jardueraz beteta etorriko da. Goizean goizetik gauera arte iraungo duen programazioaren baitan, haurrei zuzendutako 33. margo lehiaketa egingo dute. Parte hartu nahi dutenek 09:30ean eman beharko dute izena, udaletxe azpian, eta sari-banaketa 17:00etan izango da, Kultur Elkartean. 

Eguerdian, bestalde, bertsoa eta pilota uztartuko dituen ikuskizuna izango da, Aldats pilotalekuan. 12:00etan hasita, Iker Elizegi, Mikel Goñi, Julen Urruzola eta Iker Urmeneta pilotariak nor baino nor gehiago ariko dira kantxan, Beñat Gaztelumendi eta Eli Pagola bertsolariek lagunduta. 13:00etan, aldiz, kaleak musikaz beteko dira Debako eta Azkoitiako gaiteroen eta banda gaztearen doinuekin.

 

Zuhatza Debako Euskaltzaleen Mugimenduaren baitan sortutako Adaxka gazte taldeak ere bere ekarpena egin nahi izan dio egitarauari, gazteei zuzendutako jarduera berezi eta parte-hartzaile batekin. Plaza Zaharrean hainbat jolas eta txapelketa antolatu dituzte, parte hartzeko dinamika irekian. Txapel jaurtiketa (13:00), soka-saltoa (13:30), Kahoot galdera-erantzunen lehiaketa (14:00) eta sokatira (14:30) izango dira aukeran.

Egun osoan, gainera, martxan egongo da Hilerriaren jolasa izeneko proposamen interaktiboa. Parte-hartzaileek, egokitu zaien erronkaren bidez, beste herritar bat kanporatzea izango dute helburu. Antolatzaileek azaldu dutenez, parte hartzeko beharrezkoa izango da aurrez izena ematea (www.labur.eus/adaxkahilerria).

Beti bezala, iganderako iragarri dituzte dagoeneko herrian ondo errotuta dauden eta ospakizun honetan bereziki esanguratsuak diren kultur jarduerak

Zuhatzak, gainera, aurten ere itsaski-jan baten zozketa antolatu du. Txartelak Sasoiko dendaren aurrean egongo den postuan eskuratu ahal izango dira, 12:30etik 14:45era bitartean. Irabazlea 15:00etan jakinaraziko dute. Berritasun gisa, zozketaren baitan sari berezi bat zozkatuko dute Zuhatzako bazkideen artean.

Herri kirolen txanda

Arratsaldean ere ez da ekitaldirik faltako. 17:30ean, entzierro txikia egingo dute gurdiekin, eta, ordu berean, Euskal Herriko Lur Gaineko Sokatira Txapelketako 680 kiloko finala jokatuko da. 18:00etan, berriz, buruhandiak aterako dira kalera.

Musikak ere leku nabarmena izango du iluntze-gau partean. Debako Musika Banda kalejiran aterako da, 19:00etan, eta 21:00etan, Farola Sound Systemen emanaldia hasiko da, Plaza Zaharrean. Gauean, Aittu taldearen erromeria izango da, Foruen Plazan (23:00) eta, Txola eta Potxola DJen emanaldia, Gaztetxean (02:00).

Eta, beti bezala, iganderako iragarri dituzte dagoeneko herrian ondo errotuta dauden eta ospakizun honetan bereziki esanguratsuak diren kultur jarduerak.  Igandean (maiatzak 17), Debarren Egunean, goizean goizetik nabarituko da mugimendua herrian: 08:00etan, Lizarrako gaiteroen dianak esnatuko ditu herritarrak, eta, ordu erdi geroago, 08:30ean, entzierroa eta sokamuturra egingo dituzte. Ohartarazi dutenez, zezenekin lotutako jardueretan 16 urtetik gorakoek soilik hartu ahal izango dute parte.  

2025eko erraldoien alardea

 

Ohiturari eutsiz, herritar ugari San Roke ermitara igoko dira meza entzutera. Elizkizuna amaitutakoan, Gure Kaikoek ezpata-dantza egingo dute, ermita aurreko zelaian. Ondoren, Foruen Plazara joaten direnek herriko elkarteek prestatutako salda eta txorizoa dastatzeko aukera izango dute. Eguerdi partean, erraldoiek hartuko dituzte kaleak. Debakoarekin batera, Lizarrako, Oliteko eta Legazpiko konpartsek kalejira koloretsua egingo dute, 11:45ean hasita, Agirre jauregitik abiatuta. Jarraian, 13:00etan, Gure Kaik aurreskua dantzatuko du, Foruen Plazan. 

Ospakizunen azken txanpan, erraldoien alardea egingo dute, Plaza Zaharrean, 18:00etan, eta Heuk Esan taldearen erromeriarekin agurtuko da aurtengo Debarren Eguna, 19:00etan, Foruen Plazan.