Partida erabakigarriak irabazi dituzte Amaikak-Bateko nagusien taldeek

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko maiatzaren 12a

Hamaikak-Bat klubeko emakumezko eta gizonezkoen taldeak.

Asteburu erabakigarria izan dute Debako Amaikak-Bateko talde nagusiek. Hala, larunbatean, gizonezkoen zein emakumezkoen taldeek garaipen garrantzitsuak eskuratu zituzten: gizonezkoek Gipuzkoako Ohorezko Erregional mailari eusteko borrokan jarraitzen dute, eta emakumezkoen lehen taldeak, berriz, Gipuzkoako Gorengo Mailarako igoera fasean aurrera egiteko aukera sendotu du.

Gizonezkoen lehen taldeari dagokionez, sailkapen taulan aurkari zuzena duen Euskalduna taldeari etxean 2-1 irabazita, arnasa hartu dute salbazioaren lehian. Irabazi arren, partida ez zen erraz hasi debarrentzat. Aurkariak aurretik jarri ziren markagailuan 40. minutuan, Jon Areizagaren golari esker. Atsedenaldiaren ostean, baina, etxekoek erreakzionatu egin zuten. Beñat Kerexetak berdinketaren gola sartu zuen 60. minutuan, eta hamar minutu geroago, Jakes Goikoetxeak egin zuen garaipenaren gola.

Bi jardunaldi besterik ez dira falta liga amaitzeko, baina mailari eutsi nahi badiote, ezin izango dute hutsik egin. Asteburu honetan Mondragon taldearen zelaian ariko dira debarrak, eta azken jardunaldian etxean hartuko dute lider den Real Union taldea. Aurkari zailak izango dituzte aurrean, baina taldeak bere eskura dauka mailari eustea lortzea.

Aitor Duñabeitiak entrenatzen duen taldeak aurreko asteburuan lortutako hiru puntuei esker, 13. postuan dago sailkapenean. Gaur-gaurkoz 34 puntu dituzte, eta puntu bakarra nahikoa izango lukete mailari eusteko. Jaitsiera postuetan Mutriku dago une honetan, 29 punturekin; Hernani dator atzetik puntu bateko aldearekin, eta azken postuan Deusto dago, 23 punturekin. Horrenbestez, estua izango da azken jardunaldietako lehia.

Igoera fasea, begiz jota

Bestelako egoeran dago emakumezkoen lehen taldea. Gipuzkoako Emakumezkoen Gorengo Mailako igoera fasean murgilduta dagoen talde debarrak 4-0 irabazi zion Pasaia taldeari etxean, eta garaipen horrekin igoera postuetara gerturatzea lortu du. Egoitz Konde Amaikak-Bateko presidenteak azaldu duenez, lehia estua dago sailkapenaren goialdean, baina taldearen helburua azken unera arte borrokan jarraitzea da.

Partidari dagokionez, lehen zatian bertan erabakita utzi zuen neurketa Xabier Aranberrik entrenatzen duen taldeak. Maren Aranberrik 4. eta 31. minutuetan egin zituen lehen bi golak, eta Ainara Anakabek beste biak gehitu zituen 44. eta 45. minutuetan.

Hiru jardunaldi besterik ez dira falta igoera fasea amaitzeko, eta taldeak aukera handiak ditu borrokan jarraitzeko. Une honetan, Amaikak-Bat bosgarren postuan dago 18 punturekin, igoera postuetan dauden Antiguoko eta Usurbil taldeek baino hiru eta bost puntu gutxiagorekin, hurrenez hurren. Igandean, Usurbilen aurka ariko dira debarrak, igoerarako lehian zuzenean eragingo duen neurketan. Partida 16:00etan hasiko da Aranen (Usurbil).