Harrera beroa izan du aurten ere herriko guraso talde baten ekimenez abian jarritako paella lehiaketak. Antolatzaileen esanetan, LH4tik DBH2ra arteko 89 ikaslek eman dute izena, eta 20 taldetan banatuta arituko dira sukaldean. A kategorian, LH 4. eta 5. mailako 38 ikaslez osatutako bederatzi talde ariko dira eta, B kategorian, berriz, LH 6. mailako eta DBH 1. eta 2. mailako 51 gaztek jardungo dute, hamaika taldetan banatuta.
Ekintza Debarren Egunaren baitako egitarauaren barruan gauzatuko dute etzi (maiatzak 15). 18:30ean abiatuko da norgehiagoka eta, ohartarazi dutenez, kokalekua aldatu behar izan dute: azken urteetan paseo estalian elkartu badira ere, inguru horretan egiten diren lanak direla eta, Itziar bideko Luzaro ikastetxeko patioan izango da. "Gure asmoa paseo estalian egitea zen, baina obrek behartuta beste toki batera lekualdatu dugu", azaldu dute antolatzaileek.
"Nahi beste denbora"
18:30etik 20:30era, sukaldari gazteek "nahi beste denbora" izango dute beren trebezia erakusteko. Hori bai, talde guztiek lehengai berberak erabili beharko dituzte, “baldintza berdinetan parte har dezaten”. Arroza, txistorra, tipula, piper berdea, pikillo piperrak, olioa, gatza eta salda egiteko pastilla bana banatuko ditu antolakuntzak; guztiak ere herriko hainbat saltokiren eskuzabaltasunari esker eskuratuak. Parte hartzaileek, ordea, sua, lapikoa eta sukaldeko tresneria eraman beharko dituzte etxetik, baita litro bat ur ere; baina, ohartarazi dutenez, debekatuta dago ura termoan ekartzea.
Tarte horretan, platerak prestatzen eta aurkezten joan dira. Behin lanak bukatuta, Arbil Elkarte Sozialeko hiruzpalau kidek osatutako epaimahaiaren esku geratuko da erabakia. Horiek, zaporea, testura eta aurkezpena hartuko dituzte aintzat irabazleak izendatzeko.
Lehiakide guztiek oroigarri txiki bat jasoko dute, eta kategoria bakoitzeko hiru talde onenek sari bereziak eskuratuko dituzte. Antolatzaileek zehaztu dutenez, herriko tabernetan gastatzeko pintxo eta edari bonuak banatuko dituzte.