Arbil Elkarte Sozialekoek esperientziak partekatu dituzte Goienagusi eta ZarautzOn erakundeekin

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko maiatzaren 14a

Arbileko, Goienagusiko eta Zarautzoneko ordezkariak Arbil Elkarte Sozialean egindako topaketan. Argazkia: Joxerra Larrañaga

Arbil Elkarte Sozialeko ordezkariek topaketa egin zuten joan den asteartean (maiatzak 12) Goienagusi eta ZarautzOn erakundeetako ordezkariekin. 

Hiru elkarteetako ordezkariek urte osoan antolatzen dituzten egitasmoei buruzko xehetasunak trukatzeko baliatu zuten Arbilen egoitzan bertan gauzatutako hitzordua. "Urte osoan elkarte bakoitzak antolatzen dituen jarduerei buruzko informazioa partekatzeko helburuarekin elkartu ginen", zehaztu dute Arbileko kideek. 

Bilerak harremanak estutzeko eta elkarren errealitatea gertutik ezagutzeko aukera eman zuen. Azaldu dutenez, lan-jardunaldiaren ardatz nagusia elkarte bakoitzaren "praktika onak" ezagutzea izan zen. Zentzu horretan adierazi dute bazkideen artean "arrakastarik handiena" izan duten hitzaldiak eta tailerrak izan zituztela hizpide. Horrekin batera, antolaketa eta parte-hartzeari buruzko esperientziak eta ideiak ere trukatu zituzten. 

Arbileko ordezkariak oso pozik agertu dira topaketaren emaitzarekin, eta nabarmendu dute horrelako saioak ezinbestekoak direla elkarteen jarduna aberasteko. "Topaketak, gainera, elkar hobeto ezagutzeko, harremanei eusteko eta etorkizunean aukera berriak aztertzeko balio izan zuen", erantsi dute.