Debarren Egunaren bezpera ospatu dute gaur (maiatzak 16), eta askotariko jarduerak izan dira aukeran biharko egun handiari ongietorria emateko. Goizetik, 33. Margo Lehiaketan parte hartu duten haurrek herriko txokoak margoz bete dituzte.
Eguerdian, berriz, ikusmin handia sortu du Aldats pilotalekuan egin den bertso-pilota ikuskizunak. Jendetza bildu da harmailetan, eta ikusleek gogotsu animatu dituzte pilotariak, batez ere Mikel Goñi nafarra.
Partida estua eta emozioz beterikoa izan da, berdinketaz josia. Azkenean, Urmeneta eta Urruzola (gorriz) 22-21 nagusitu zaizkie Goñi eta Elizegiri (urdinez), pilotalekuan bildutakoei ikuskizun ahaztezina eskainiz. Geldialdietan, Beñat Gaztelumendi eta Eli Pagola bertsolariek umorez eta bertsoz girotu dute saioa.
Musika
Musikak ere protagonismo berezia izan du gaurkoan: Debako eta Azkoitiako gaiteroek eta Banda Gazteak kaleak doinuz bete dituzte eguerdian, eta iluntzean ere bandako kideak kalerik kale ibili dira giroa alaitzen.
Gaztetxoenek ere izan dute euren unea: arratsaldean pozarren ibili dira gurdiekin egindako entzierro txikian eta buruhandien atzetik korrika. Arratsaldean, gainera, herri kirol zaleek ere hitzordu garrantzitsua izan dute zumardian. Jendetza bildu da bertan Euskal Herriko Lur Gaineko Sokatira Txapelketako 680 kiloko finala gertutik jarraitzeko eta taldeak indartsu animatzeko.