Ohiturak, musika, dantza eta festa giroa izan dira nagusi gaur (maiatzak 17) Deban Debarren Eguna ospatzeko. Urtero bezala, herriko egun berezienetakoak kaleak bete ditu, eta belaunaldiz belaunaldi bizirik dirauten tradizioak nagusitu dira.
Oso goiz hasi dira ekitaldiak gaurkoan. Urtero bezala, eta ohiturari hutsik egin gabe, Lizarrako gaiteroen dianak esnatu ditu herritarrak; kalez kale ibili dira oraindik ere erretiratzeko zebiltzan hainbat gazteen konpainian.
08:30ean, berriz, udaletxeko balkoitik botatako txapliguak entzierroaren hasiera iragarri du. Animaliek bi joan-etorri egin dituzte Foruen Plazaraino eta, segidan, sokamuturrak hartu du plaza. Ordubete inguruz, Saka ganadutegiko zezen eta behin gazteek aurrean egindako korrikek ikusmin handia sortu dute bertan bildutakoen artean.
Goizean aurrera egin ahala, herritar ugari igo dira San Rokera. 11:00etako mezaren ostean, tradizioari eutsiz, Gure Kai dantza taldea taldeko dantzariek ezpata-dantza eskaini dute ermita aurreko zelaian. Debarren Eguneko irudi esanguratsuenetako bat bihurtu da urteekin, eta aurten ere txalo artean jarraitu dute emanaldia bertaratu direnek.
Lau talde
Eguerdi partean, erraldoiek hartu dituzte kaleak. Debako konpartsarekin batera, Lizarrako, Oliteko (Erriberri) eta Legazpiko taldeek kolorez eta musikaz bete dute herrigunea. Berasaluze plazan egin dute lehen geldialdia eta Foruen Plazan egin dute azkena, ikusle ugari erakarriz.
Handik gutxira, Gure Kai dantza taldea taldearen aurreskuak hartu du lekukoa. Txistularien doinuek lagunduta, plazan batu diren herritarren txalo artean dantzatu dute, festa giroari beste behin ere ukitu berezia emanez.
Arratsaldean ere ez da girorik falta izan. Ospakizunen azken txanpan, erraldoien alardeak ikusmin handia piztu du Foruen Plazan, eta egun osoko festa borobiltzeko eta aurtengo Debarren Egunari agur esateko, Heuk Esan taldearen erromeriak dantzan jarri ditu bertan elkartu diren guztiak.