Emakumeen artean palarekiko zaletasuna sustatu, kirolaz gozatu eta, batez ere, giro atseginean ondo pasatzeko asmoz, Iruleak Emakume Pilotariak kirol klubak aurten ere pala txapelketa azkarra antolatu du. Aurtengo lehen lehiaketa maiatzaren 31n izango da eta, ohi bezala, egun berean hasi eta bukatuko da. Iragarri dutenez, goizean jokatuko dituzte norgehiagoka guztiak Aldats pilotalekuan.
Antolatzaileek, dei zabala egin diete kirolzaleei, eta zehaztu dute deialdia 16 urtetik gorako emakume guztiei zuzenduta dagoela. Izen-ematea dagoeneko zabalik dago, eta asteartea (maiatzak 26) izango da horretarako azken eguna. Parte hartu nahi dutenek 685 75 50 74 zenbakira deitu edo mezua bidalita eman dezakete izena, aurrelari edo atzelari gisa aritu nahi duten zehaztuz.
Nahiz eta txapelketa binakakoa izan, inskripzioa bakarka egin behar dela gogorarazi dute. Izan ere, antolakuntzak berak osatuko ditu bikoteak, zozketa bidez.