Egitaraua gaur (maiatzak 22) hasiko da. 19:30ean, Itxas Gain tabernan izango da lehen hitzordua: Debako Koda eta Arramazka taldeek girotuko dute iluntzea.
Bihar (maiatzak 23), dantza afrikarren ikastaroarekin ekingo diote egunari. 10:30ean, Garazi Pascual artista lasturtarrak Sabar dantza senegaldarrari buruzko ikastaroa emango du Ikigai zentroan. 12:00etan, helduentzako capoeira tailerra egingo dute Aldats pilotalekuan, Senzalako kide batek dinamizatuta; dantza, musika, arte martzialak eta akrobaziak uztartuz diziplina ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Batukada-poteoa eta afaria
Egitarauak iluntzean izango du jarraipena. 19:00etan, batukada-poteoa abiatuko da zumarditik, Euskal Herriko Batukada Feminista Sarearen eskutik, eta kalejirak gaztetxeraino eramango ditu herritarrak. 21:00etan, herri-afaria egingo dute gaztetxean. Txartelak egunean bertan jarriko dituzte salgai, 10 euroan. Afalostea girotzeko, Bittencout Duo taldearen kontzertu brasildarra hasiko da, 22:30ean.
Etziko (maiatzak 24) egitaraua ere capoeirarekin lotutako jarduerekin osatu dute. 11:30ean, haurrei zuzendutako saio irekia egingo dute Aldats pilotalekuan. Eta, amaitzeko, 14:00etan, erakustaldia egingo dute Foruen plazan. Gonbidatu berezien artean izango dira Mestra Jo –emakumezko capoeira maistren artean nazioarteko erreferente nagusietako bat– eta Frantzian bizi den Mestra Nega –jatorri brasildarreko maisua–; eta, haiekin batera, Ingalaterratik, Frantziatik, Maltatik, Espainiatik eta Euskal Herritik etorritako capoeira-zaleak ere ariko dira.
Kultur ekimena ekainaren 19an borobilduko dute, Euskal Herriko Batukada Feminista Sarearen eskutik antolatu duten batukada ikastaroarekin.
Izen-emateak
Ohartarazi dutenez, antolatu dituzten ikastaroetan parte hartzeko aurrez izena ematea gomendatzen da, 637 55 29 48 telefonoan –deituta edo Whatsapp mezu bat bidalita–.