Gurasoek hizkuntzaren transmisioan duten garrantziaz jabetuta, Eusle dinamika abiatu dute aurten Deban. Hiru hilabetez, HH4 eta HH5 mailetako ikasleen 55 familia batu dira Zuhatzak, Zubi Guraso Elkarteak eta Luzaro ikastetxeak sustatutako ekimenera, eta antolatzaileak gustura daude orain arte egindako bidearekin.
Ekainaren 2rako iragarri duten azken bileraren atarian, baikor azaldu dituzte ateratako ondorio nagusiak. "Oro har, euskararen erabilera handitu egin da ekimenean parte hartu dutenen artean, eta, ohiturak aldatzea erraza ez den arren, gurasoek hizkuntza-ohituren gaineko kontzientzia hartzeko balio izan duela iruditzen zaigu. Gainera, euskara herrian integratzeko modua dela ikusarazi dugu. Azken finean, euskararen alde egiteko gogoa, grina, badago, eta indar horrekin pausoak ematen jarraituko dugu", adierazi du Olatz Arriolak.
Gurasoek nola, haurrek hala
Helburua argi dute: "Gurasoek hizkuntzaren transmisioan duten garrantzia azpimarratzea. Izan ere, gurasoek egiten dutena egiten dute umeek; haurrentzat, gurasoak dira eredu". Gogoeta horretatik abiatuta, aurten HH4 eta HH5 mailetako ikasleen familiei zuzenduta egon da ekimena. Hiru rol sortu dituzte: Eusle –une oro euskarari eusteko konpromisoa hartu dutenak–, Salto –euskaraz gehiago hitz egiteko konpromisoa hartu eta Eusleak haiengana euskaraz zuzentzea hobetsi dutenak– eta Kaixo –euskaraz aritzeko zailtasunak izan arren, agurrak edo esaldi laburrak euskaraz egiten saiatu direnak–. Eta, modu paraleloan, Izan Tribu dinamika ere abiatu dute, aisialdian familian euskaraz gozatzeko helburuarekin; 80 lagunetik gora batu ziren, adibidez, apirilean Santa Katalinara egindako irteerara.
Pozik daude orain artekoarekin, eta Eusle eta Izan Tribu egitasmoek jarraipena izango dute datorren ikasturtean. Aurrez, baina, Izan Triburen beste ekimen bat izango da, ekainaren 27ko Zuhatza Trailaren bueltan.