Zurrunbilok bazkideekin eta herritarrekin batera borobildu du 25. urteurren festa

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko ekainaren 2a

Parte-hartzaileei eta laguntzaileei eskerrak emanez, urteurren festari buruzko oso balorazio baikorra egin dute antolatzaileek. 

Zurrunbilo Ur Kirol Elkarteak mende laurdena bete du aurten, eta joan den larunbatean (maiatzak 30) Santiago hondartzaren bueltan antolatutako egun osoko festa batekin ospatu zuten data berezia. Antolatzaileen esanetan, hitzorduak elkarteko bazkide ugari eta herritar asko elkartu zituen.

Eguraldia lainotuta egon zen egun osoan zehar, baina aurreko egunetako bero handirik ez egitea eskertu dute. Horri esker, jarduera guztiak "giro lasai eta atseginean" egin ahal izan zituztela azaldu dute. Antolatzaileek oso balorazio baikorra egin dute, eta egun osoko egitaraua aurreikusitako moduan garatu zela nabarmendu dute. “Dena oso ondo joan zen. Eskerrak eman nahi dizkiegu parte-hartzaile guztiei eta hau guztia posible egin zuten laguntzaileei”, adierazi dute.

Olaturik ez

Team txapelketa bereziarekin abiatu zituzten eguneko proposamenak. Itsasoaren baldintzek, ordea, ez zuen askorik lagundu eta, olatu faltagatik, hasieran aurreikusitako formatua moldatzera behartu zituen antolatzaileak. Taldekako erreleboetan oinarritutako txapelketa egin zuten azkenean, eta horietan trebeenak talde beltzeko kideak izan ziren. Lehia hutsetik harago, umorea nagusitu zela esan dute.

Goizeko egitarauaren barruan, Ander Tolosaren surf erakusketa berezia ere izan zen ikusgai hondartza aurreko aparkalekuan. Nahi izan zutenek, gainera, skateko ohol gainean beren abilezia erakusteko aukera izan zuten.

Aparkalekuan bertan jarri zuten salgai urteurrenerako propio sortutako materia berria, eta elkarteko kideen esanetan, “sekulako arrakasta” izan zuten kamiseta, poltsa eta bisera berriek. Zehaztu dutenez, salmentek aurreikuspen guztiak gainditu zituzten. “Asko saldu genuen, batez ere, kamisetak; neurri batzuk agortu ere egin zitzaizkigun”, azaldu dute. Arrakasta ikusita, laster urteurren bildumako kamiseta gehiago ateratzea aztertzen ari direla iragarri dute.

Dozenaka bazkide

Musikak ere pisu berezia izan zuen urteurren ospakizunean. 13:30ean hasita, Jazztabien taldeak jazz doinuekin girotu zuen hondartza ingurua eta, antolatzaileen hitzetan, “maila bikaina” erakutsi zuten oholtza gainean. Ondoren, bazkideen bazkaria egin zuten Ondargain tabernako terrazan. Dozenaka bazkide elkartu ziren mahaiaren bueltan eta, bazkaria aurreikusitakoa baino zertxobait beranduago hasi bazen ere, giro ezin hobea izan zela azpimarratu dute. "Paella zoragarri zegoen", aipatu dute.

Arratsaldeko jarduerek ere erantzun ona izan zuten. Antolatzaileen arabera, eguna aurrera joan ahala giroa berotzen joan zen eta jende gehiago hurbildu zen Cardenas pasealekuan eta Ondargain inguruan antolatutako ekintzetara. Haur eta gaztetxoek Itsaszaintza sarearen eta Gaztelekuaren tailerrekin gozatu zuten, eta ausartu ziren ume eta helduek, oreka jokoetan eta surf taula mekaniko gainean probatu zituzten beren gaitasunak.

Egunari amaiera emateko, Debrass Band eta Betty Larry’s taldeen kontzertuak izan ziren. Haien musikak lagunduta agurtu zuten urteurren festa, eta 23:00ak inguruan eman zuten amaitutzat ospakizuna.