Urteroko ohiturari eutsiz, Arbil Elkarte Sozialak omenaldi berezia egingo die etzi (ekainak 7) aurten 80 urte edo gehiago betetzen dituzten bazkideei. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 82 lagun inguruk eman dute izena bazkarirako.
Hildako kideen omenezko mezarekin hasiko da jardunaldia. Elizkizuna 11:00etan izango da, Andra Mari elizan, eta, ondoren, salda eta txorizoa emango dizkiete bertaratutakoei, Lubina elkartean. 14:00 aldera, taldeko argazkia aterako dute Arbil elkartearen egoitza aurrean, eta ordu erdi geroago hasiko da bazkaria, elkartean bertan. Ospakizuna borobiltzeko, omenaldia egingo diete elkarteko nagusienei; zehaztu dutenez, 94 urtetik gorako sei bazkide inguru izango dira esker oneko ekitaldi horren protagonista nagusiak.
Askotariko ekintzak
Arbilen ekaineko egitarauarekin bat egin dutenek, gainera, askotariko ekintzez gozatzeko aukera izango dute datozen egunotan. Besteak beste, abian dira mindfulness saioak; astelehenean (ekainak 8) egingo dute hurrengoa, hondartzan, goizeko hamaiketan hasita.
Eta hilaren 11n, bestalde, txangoa egingo dute Legazpira eta Oñatira. Aurreratu dutenez, Mirandaola burdinola eta Chillida Lantoki museoa bisitatuko dituzte, besteak beste.