'7.300 miligramo eszitalopram' liburuaren aurkezpena hilaren 11n Deban

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko ekainaren 8a

Arg.: Ttap aldizkaria

Kultur Elkartean izango da ekitaldia, Iratxe Etxebarria lanaren egilea bertan dela; Jordina Arnauk gidatuko du saioa.

Iratxe Etxebarria kazetaria (Dima, 1979) Deban izango da datorren ostegunean, ekainaren 11n, 7.300 miligramo eszitalopram liburua aurkezten. Ekitaldia 18:30ean hasiko da, Kultur Elkartean, eta Lasturren bizi den Jordina Arnau kazetariak (La Selva del Camp, Herrialde Katalanak, 1991) egingo ditu moderatzaile-lanak. "Udaberria helburu izan duen negu luze eta hotz baten kontakizuna da", idazlearen beraren hitzetan, 7.300 miligramo eszitalopram. Laneko estres handiaren eraginez, gaixotu egin zen Iratxe Etxebarria duela urte batzuk, eta orduko bizipenak eta gogoetak oinarri hartuta kaleratu zuen liburua, 2024an. Ordurako, 20 urte baino gehiagoko ibilbide oparoa egina zuen kazetaritzan: erredaktore, atzerriko berriemaile eta ardura postuetan ibilia zen.

"Laneko estresak gaixotu ninduen. Gorputzak seinaleak bidaltzen zizkidan, baina nik ez nion neure buruari seinale haiek entzuten uzten", aitortu du Etxebarriak. Nolanahi ere, azaldu du liburua ez dela "krisi pertsonal baten errelatoa" soilik: "Horrez gain, aurrera begira jartzeko balio izan zidaten ikasgaiak konpartitzen ditut. Biziberritzea izan nahi du", erantsi du. Bada, liburuan, buruko gaitzak sendatu daitezkeela erakutsi nahi du kazetariak, eta hari lagungarri egin zaizkion formulak plazaratu ditu bertan. Gaur egun, haren antzeko egoeraren batean dagoen jendeari coaching saioak ematen aritzen da Etxebarria.

Beste bi hitzordu

Liburu aurkezpena ez ezik, bestelako ekitaldirik ere izango da Kultur Elkartean asteotan. Ekainaren 13an, adibidez, Bazkidearen Eguna ospatuko dute, hirugarrenez. Ostolaza Sarien banaketa-ekitaldia, herri bazkaria, NEU: Bingo musikatu jostari bihurria eta Skabidean taldearen kontzertua izango dira egitarauaren osagai nagusiak. Aurten, bazkaria Arrano Elkartean izango da, eta tiketak aurrez erosi behar direla gogorarazi dute antolatzaileek. 20 euroko menua prestatuko dute: entsalada errusiarra, piper beteak, masailak saltsan, arroz esnea eta kafea. Sarrerak erreserbatzeko, 688 82 37 88 telefonora idatz daiteke. Bestalde, Mirari Martiarena eta Asier Galarzaren Norbere mundu intimo ikuskizuna iragarri dute hilaren 19rako (20:00etan). Sarrerak salgai daude jadanik, 5 euroan, labur.eus/norberemunduintimo estekan.