Bazkidearen Eguna ospatuko du, hirugarrenez, Kultur Elkarteak

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko ekainaren 11

403 bazkide dauzka gaur egun Debako Kultur Elkarteak, eta, haien guztien babesa eta ekarpena eskertu nahian, egun osorako egitarau berezia prestatu dute larunbaterako, ekainak 13.

Eguna hasteko, Ostolaza Sariak banatuko dituzte, "udalerriko kultur jarduera aberasten laguntzen duten herritarren eta erakundeen lana aitortzeko eta aintzatesteko" helburuarekin. Epaimahaiak lau sari emango ditu aurten ere: Sortzaileak, Dinamikak, Ezinbestekoak eta Hazia Saria; sarietarako hautagaiak herritarrek proposatu dituzte aurrez. Ekitaldia 12:00etan izango da, Kultur Elkarteko aretoan.

14:30ean, berriz, herri bazkaria egingo dute, Arrano Elkartean, eta NEU: Bingo musikatu jostari bihurria-k girotuko du bazkalostea, 16:30ean hasita.

Skabidean, iluntzean 

Egitaraua Skabidean taldearen kontzertuak biribilduko du, 20:00etan, Kultur Elkarteko plazan. Zuzeneko berezia izango da, gainera. Izan ere, Iruñeko taldeak Herri kuttuna diskoa aurkeztuko du. Lan horrek biltzen dituen zazpi abestien artean dago "Jose Manuel Ostolazari eta Debako herriari omenaldia" egiten dien Ostolaza kanta.