Guazen Reala!

Errealaren Lagunak elkarteak egindako bazkarian Errege Kopa izan da protagonista

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko ekainaren 11

Asier Riesgok eta David Zurutuzak urrezko intsignia jaso dute ekitaldian.

Joan den larunbatean (ekainak 6) Debako zale txuri-urdinek egun ahaztezina bizi izan zuten. Errealaren Lagunak elkarteak omenaldi bero eta hunkigarria egin zien Asier Riesgo eta David Zurutuza jokalari ohiei, urte luzez klubaren koloreak defendatzeagatik. 

Baina hitzorduak bestelako pizgarri bat ere izan zuen zaleentzat: Sevillan Atletico Madrilen aurka irabazitako Errege Kopa. Bertaratu zirenek garaikurra gertutik ikusteko aukera izan zuten, eta ia inork ez zuen galdu nahi izan harekin argazkia ateratzeko aukera. 

Ekitaldia, gainera, ez zen bazkideen bazkari arrunt bat izan. Bertan, klubeko ordezkaritza zabala izan zen. Jokin Aperribay presidentea ere han izan zen, eta hitzorduak harentzat esanahi berezia izan zuela azaldu dute, debarra baita jaiotzez. Harekin batera Realeko zuzendaritza batzordeko hainbat kide eta klubeko jokalari ohien ordezkaritza bat ere izan ziren Deban. 

Eguna ohorezko aurreskuarekin eta zumardiko kioskoko eskaileretan ateratako talde-argazkiarekin hasi zuten. Ondoren, hitzordu berezirako txuri-urdin jantzi zen Itxas-Begi elkarte gastronomikora joan ziren guztiak. Bertan 65 bat bazkide elkartu ziren, giro ederrean, eta pasarteak eta bestelako oroitzapenak partekatu zituzten. 

Avila eta Urquiri ere bai

Bazkalostean, lagunarteko presidente Koldo Agirrezabalak eskerrak eman zizkien bertaratutako guztiei, eta, tartean, Riesgoren eta Zurutuzaren kirol ibilbideak azpimarratu nahi izan zituen, bereziki, baita haiek urte luzez Real Sociedaden izena harrotasunez ordezkatu dutela ere. Aitortza gisa, Errealaren Lagunak elkarteak urrezko intsignia bana ezarri zien bi kirolariei. Txalo zaparrada artean jaso zuten saria, lagunarteko kideen eta zaleen maitasunaren adierazgarri.

Ekitaldiak beste errekonozimendu batzuk ere izan zituen; urteetan egindako lana eskertzeko, Rosa Avila eta Jose Ignacio Urquiri kideei ere urrezko intsignia eman zieten.