San Joan bezpera ohikoa baino su txikiagoarekin ospatu dute Deban

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko ekainaren 24a

San Joan bezperako usadioari jarraituz, dozenaka herritar elkartu ziren atzo (ekainak 23) Foruen plazan urteko egunik luzeenari ongietorria emateko eta txar guztiak garbitzeko asmoz. Bero handia, hezetasuna, sua eta dantzak izan ziren bart gaueko protagonista nagusiak.

Deban, atzo (ekainak 23), udako solstizioaren bueltako ospakizunak egin zituzten ohiturari jarraituz. Baina, tenperatura altuen ondorioz hartu beharreko neurri bereziengatik, aurtengo ekitaldiak ezohiko itxura hartu zuen. Alde batetik, aurreko urteetan baino su askoz apalagoa piztu zuten Foruen plazan. Ez hori bakarrik, suaren bueltako inguruko ohiko dantzak ez zituzten egin, horiek sua piztu aurretik eskaini zituzten.

Hala ere, herritarrek ez zuten hutsik egin eta kalera irten zuten urteko egunik luzeenaz gozatzera, beste behin. Jai giroa 21:00etan hasi zen, Kalez kale txistulari taldearen kalejirarekin. Ondoren, 22:00etatik aurrera, Gure Kaiko eta Musika Eskolako kideek suaren inguruko dantzak eskaini zituzten Foruen plazan, txistularien doinuek lagunduta.

Emanaldia amaitu ondoren, 22:15 inguruan, brigadako langile batek sua piztu zuen, txistulariek San Joan zortzikoa jotzen zuten bitartean. Segurtasun neurriak tarteko, plazan hesitutako gunea zabaldu egin behar izan zuten, bero-ufadek ikusleak ez kaltetzeko. Txistulariek ere esparru horren kanpotik jarraitu zuten jotzen, urrunagotik.

Sua apaldu ahala, gauak erromeriaren erritmoan jarraitu zuen, Ostolaza eta Narbaiza trikitilariekin.