Euskara eta pantailen erabilera izan dituzte hizpide Ongizatearen Plazan, arratsaldean

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko ekainaren 25a

Goizean ez ezik, arratsaldean ere herritar ugarik parte hartu dute Ongizatearen Plaza ekimenaren baitan antolatutako saioetan. Euskarari eta pantailen erabilera osasuntsuari buruz aritu dira Foruen plazan egindako hitzorduetan.

Ongizate integrala erdigunean jarrita, Debako Foruen plazak herritar guztiei zuzendutako bi saio hartu ditu gaur (ekainak 25) arratsaldean. Lehenengoan, euskara izan dute hizpide herritarrek; Deban nola bizi dugu euskara? galderari tiraka aritu dira solasean, eta norbere bizipenak partekatu eta iritziak trukatzeko aukera izan dute partaideek, giro atseginean. Bigarren hitzorduan, aldiz, Pantailen aroan, erabilera osasuntsua izenburuko saioa egin dute, Altxa Burua elkartearekin lankidetzan, eta adin orotako jende ugari batu da deialdira; Mari Seararen ipuin kontaketarekin ekin diote hitzorduari eta, ondoren, Altxa Buruaren ordezkari Miren Rosek dinamizatu du saioa.

Ongizatearen Plazak bihar (ekainak 26) izango du jarraipena gurean. Hona egitaraua: 

  • 10:00-11:30. Elikadura jasangarria eta osasuntsuari buruzko solasaldi irekia, Jakoba Errekondo agroekologian adituarekin, eta Doniene baserriko Miriam eta Nerea Arrizabalagarekin eta Beliosoro baserriko Juan Mari Etxaberekin.
  • 11:30-13:00Nahi ez den bakardadea. Aukeratzen ez den bakardadea ez da soilik adin tarte baten arazoa. Hirugarren adinean bezala, gazteengan ere gero eta eragin handiagoa duen arazo bat da. Ados teatroak bakardadearen inguruan ekoiztutako hiru mikrodokumentalen eskutik, beste horrenbeste herritarren kasu erreal bezain gordin gertutik ezagutzeko aukera izango da saioan. Dokumentaleko protagonistetako batek parte hartuko du.
  • 17:30-18:30. Barreterapia tailerra. Barrearen eta umorearen bidez ongizate emozionala lantzeko tailer dinamikoa, Idoia Torregarai umoregilearen eskutik.
  • 18:30-19:30. Amaiera. Telmo Iruretagoiena sommelierrak Getariako Txakolinaren dastaketa eskainiko du, Kalean Kantuz taldeak girotutako ekitaldian.