Joan den larunbatean (ekainak 27), Zuhatza Trail mendi martxa eta lasterketa egin ziren, Zuhatza Debako Euskaltzaleon Mugimenduak bultzatuta. Ekimenak dozenaka lagun bildu zituen kirola eta euskara uztartu zituen egun osoko egitarauarekin. Antolatzaileek balorazio "oso positiboa" egin dute: "Guztia ondo irten zen, eguraldia lagun izan genuen eta, garrantzitsuena, inork ez zuen minik hartu", adierazi dute arduradunek, boluntarioen laguntza eskertuz eta parte-hartzaileen jarrera bikaina azpimarratuz.
Goiz-goizetik, Foruen plaza eta inguruak kirolariz eta zalez leporaino bete ziren. Egitarauari 08:00etan eman zioten hasiera mendi martxarekin. Irteeraren aurretik, Rikardo Idiakezek bertsoa eskaini zuen, eta dultzainaren doinuek lagunduta abiatu ziren parte-hartzaileak txalo artean. Handik bi ordura, 10:00etan, iritsi zen mendi lasterketaren txanda; modu beretsuan abiatu ziren.
Baina, larunbatekoa ez zen kirola izan soilik; euskararen aldeko jai erraldoia baizik. Mendi lasterketa hasi eta gutxira, Izan Tribu egitasmoaren barruan, HH4 eta HH5 mailetako hamabost bat haurrek korrikalariak eta ibiltariak animatzeko kartel koloretsuak prestatu zituzten Plaza Zaharrean. Pankarta horiek paretik igarotzen zirenak animatzeko erabili ostean, frontoian zintzilikatu eta jarri zituzten ikusgai.
Ordubete azpitik
Denbora aurrera joan ahala, mendi martxako parte-hartzaileak helmugara iristen hasi ziren. Lehenengoak, 10:10ak inguruan iritsi ziren Foruen plazara, bertaratutakoen txalo artean eta, handik aurrera, plaza pixkanaka betetzen joan zen, mendi lasterketako lehen korrikalarien zain.
Mendi lasterketari dagokionez, 139 korrikalarik lortu zuten proba amaitzea; parte-hartzaileek azpimarratu zutenez, sargoria eta hezetasun handia gehitu zitzaizkion ahalegin fisikoari. Gizonezkoetan, hasieratik erritmo bizia ezarri zuen Ander Ordoño debarrak, baina Arbil inguruan ezin izan zion ezarritako erritmoari eutsi, eta atzetik zetozen Mikel Arriolak eta Xabier Arostegik hartu zioten aurrea.
Eibartarrak ez zuen aukera alferrik galdu, eta 58 minutu eta 34 segundoko denborarekin zeharkatu zuen helmuga, lehen postuan. Xabier Arostegi izan zen bigarren (59:27) eta Ander Ordoño hirugarren (59:36). Hiruak ordubetetik behera sailkatu ziren.
IKUSI HEMEN MENDI LASTERKETAKO EMAITZAK
Emakumezkoetan, Leire Olazabal debarrak erakustaldia eman zuen, sailkapen orokorrean 16. postu bikaina lortuz eta kronometroa 1:10:09an geldituz. Bigarren postua Eider Sobron eibartarrarentzat izan zen (1:13:18) eta hirugarrena Ane Ziaran debarrarentzat (1:15:26).
Podiumera igotako guztiek ibilbidearen edertasuna eta herritarren berotasuna goraipatu zituzten: "Antolakuntza sekulakoa izan da eta jendearen animoak oso hunkigarriak izan dira".
Sari banaketa eta festa herrikoia
Sari banaketa 13:00etan egin zuten Aldats pilotalekuan. Aurretik, parte-hartzaileen artean herriko merkatariek emandako 50 sari baino gehiago zozkatu zituzten. Ondoren, Olatz Arriola Zuhatza Debako Euskaltzaleon Mugimenduko lehendakari berriak eta Unai Itxaso lasterketaren koordinatzaileak banatu zizkieten garaikurrak lehen hiru sailkatuei. Irabazleek txapela eta Albizu harategiko otarra jaso zituzten; bigarrenek Willy Berasaluzeren eskultura eta Debalaiko bonua; eta hirugarrenek eskultorearen garaikurra eta fisioterapia saio baterako bonua.
Ekitaldia amaitutakoan, festa kalera itzuli zen. Frontoitik abiatuta, Baratzuri Zopa kantaldi herrikoian parte hartu zuten herritarrek euskal abestiak kantatu zituzten kalerik kale. Ondoren, 215 lagun inguru elkartu ziren herri bazkarian, eta egunari amaiera emateko, Mugi panderoa taldearen erromeriak giro ezin hobea jarri zion euskararen aldeko lehen Zuhatza Trail arrakastatsuari.