“Ondo egoteaz gain, ondo sentitzeko gakoak” partekatu dituzte Deban egin den Ongizatearen Plaza egitasmoan

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko ekainaren 30a

Aldundiko eta udaleko zenbait ordezkari, Ongizatearen Plaza ekimenaren amaieran, saioetan parte hartu zuten hainbat herritarrekin batera. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

Eider Mendoza diputatu nagusiak eskerrak eman dizkie Foruen plazan kokatuta egon zen espaziora hurbildu ziren herritar guztiei. Aldi berean, "denon ongizatearen eragina duten arazo eta errealitate berrien inguruan hausnartu eta elkar entzutearen” garrantzia azpimarratu nahi izan du.

Aurreko astean, ekainaren 25ean eta 26an, Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako Ongizatearen Plaza egitasmoa Debako Foruen plazan izan zen. Bi egunez, espazio hori herritarren topagune bihurtu zen, ongizate integralaren inguruko hausnarketa, elkarrizketa eta esperientzien trukea sustatzeko helburuarekin.

Egitarau zabalaren barruan hitzaldiak, tailerrak, mahai-inguruak eta solasaldi irekiak antolatu zituzten. Saio horietan, gaur egungo gizarteak mahai gainean dituen hainbat erronka jorratu zituzten; hala nola nahi ez diren bakardadeak, elikadura jasangarri eta osasuntsua, pantailen erabilera edo hizkuntzak nortasunean eta bizi-kalitatean duen eragina.

Balorazio positiboa

Behin ekimena amaituta, aldundiak balorazio positiboa egin du Debako geldialdiaren inguruan. Eider Mendoza diputatu nagusia oso pozik agertu da ekimenak herrian izan duen harrerarekin, eta eskerrak eman dizkie Foruen plazara hurbildutako guztiei, parte-hartzeagatik eta erakutsitako inplikazioagatik. Gainera, nabarmendu du ekimena "elkar entzun, hausnartu, iritziak partekatu eta gozatzeko" topagunea izan dela.

Diputatu nagusiaren iritziz, Debakoaren gisako topaketek argi utzi dute ongizatearekin lotutako gaiei buruz hitz egiteko beharra dagoela. "Beste behin ere ikusi dugu zein garrantzitsua den mundu ezegonkor eta azeleratu honetan norberaren bizitza-orekan eta ongizatean eragina duten gaiez hitz egitea”, adierazi du. Zentzu horretan, azpimarratu du egitasmoak "ondo egoteaz gain, ondo sentitzeko gakoak" partekatzeko aukera eman duela, eta herritarren eguneroko bizitzan eragina duten gaiak plazaren erdigunera ekartzea lortu duela.