Sormenaren Kabia beka irabazi du Maddi Astigarraga ilustratzaile zientifikoak

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko ekainaren 30a

Alkizako Udalak sustatutako egonaldi artistikoa egin ahal izango du udazkenean.

Maddi Astigarraga Bergararen (Deba, 1997) Hartu-sortu-eman izeneko proiektuak irabazi du 2026ko Sormenaren Kabia beka. Alkizako Udalak 2018an sortutako egitasmoa da, eta, antolatzaileek adierazi dutenez, beka horren bitartez hainbat artistak "naturgune paregabean hausnartu, esperientziak partekatu eta lan egiteko aukera" izan dute dagoeneko. Bada, debarrak udazkenean egingo du ilustrazio zientifikoa, herri-ezagutza eta natura-ondarea uztartuko dituen egonaldi hori, Alkizan, eta emaitza infografiaz osatutako erakusketa batean aurkeztuko du gero. 

Aldez aurretik, gainera, topaketa bat antolatuko dute, Alkizako herritarrek eta ilustratzaileak elkar ezagutzeko aukera izan dezaten.

Epaimahaiak bereziki nabarmendu du deialdi horretan jasotako proposamenen "kalitate handia, baita hautagaien curriculum eta ibilbide artistikoen maila ere". Era berean, aurkeztutako diziplina artistikoen aniztasuna eta proiektuen originaltasuna azpimarratu dituzte: "Hautaketa prozesua bereziki zaila izan da".

Emaitza, erakusketa batean

Astigarragaren Hartu-sortu-eman proiektuak ilustrazio zientifikoa du ardatz. Eta bekaren sustatzaileek azaldu dutenez, helburua herri-ezagutza eta ezagutza zientifikoa uztartzea izango da, Alkizako ingurunea irudiaren bidez aztertuz eta dokumentatuz. "Horretarako, artistak bertako natura-ingurunea behatu eta erregistratuko du, landareak, animaliak eta inguruko bestelako elementuak ilustratuz. Aldi berean, herritarren testigantzak, jakintzak eta oroimenak bilduko ditu", zehaztu dute.

Bildutako informazioa infografia eta poster ilustratuen bidez antolatuko dute gero, "ezagutza zientifikoa eta herri-ezagutza elkarrizketan jartzeko". Aipatu dutenez, egonaldiaren amaieran, proiektuaren emaitza infografiaz osatutako erakusketa batean aurkeztuko dute. Bertan, Alkizako ingurunea, espezieak eta komunitatearen jakintza partekatua izango dira ikusgai, ilustrazioaren bidez.