Eibarko Klub Deportiboko Elene Beitia atletak (Deba, 2010) joan den asteburuan Arrasaten jokatutako Gipuzkoako Atletismo Txapelketa absolutuan amaitu du aurtengo denboraldia. Pozik dago hilabeteotako jardunarekin, hainbat probatan orain arteko emaitzarik onenak lortuta; hori gutxi ez, eta zilarrezko domina bat kolkoratu du.
Zure lorpenak ez dira oharkabean pasa denboraldi honetan. Besteak beste, txapeldunorde izan zinen maiatzaren 9an Gasteizen jokatutako 18 urtez azpikoen Euskadiko Atletismo Txapelketan, 400 metroko proban. Nola gogoratzen duzu une hura, aste batzuk geroago?
Oso ongi joan zen dena, eta pozik nago benetan. Orain, aste batzuk pasata eta dena lasaiago ikusita, oso oroitzapen politak ditut. Ez nuen halakorik espero; txapelketa horietan maila handia egoten da eta oso zaila izaten da ezer aurreikustea.
"Ni abiadura probetan lehiatzen naizen arren, atletismoa iraupen-lasterketa bat da"
Gogorrak izan al ziren txapelketara joan aurreko prestaketa lanak?
Egia esan, ez bereziki; nahiko modu erregularrean egiten ditugu entrenamenduak, eta lehiatu beharreko probetara egokitzen ditugu saioak azken astean; batez ere, irteerak, indarra...
Zilarrezko domina eskuratzeaz gain, zure markarik onena ezarri zenuen Gasteizen, ezta?
Bai. Urduri samar nengoen, baina marka hobetzea lortu nuen: 1.01,62ko denborarekin joan nintzen, eta 1:00,78 egitea lortu nuen. Gainera, ondoren, ekainaren 7an Durangon jokatutako Euskadiko Atletismo Txapelketa absolutuan ere nire marka onena egin nuen, baina 200 metroko lasterketan: 26,56.

Emaitzei dagokienez, hau izan al da zure ibilbideko denboraldirik onena?
Bai, oraingoz bai.
Distantzia askotariko probetan aritzen zara. Non zabiltza gusturago?
Normalean, 100, 200 eta 400 metroko probetan lehiatzen naiz, baina 400 metrokoa dut gustukoen. Distantzia motzetan dena hain azkar pasatzen da, non ez baitu denborarik ematen lasterketa bera nola egin pentsatzeko. 400 metrokoan estrategia pixka bat erabili dezakezu.
Nolatan hasi zinen atletismoan? Betidanik izan duzu gustuko?
2021eko Anes Arrinda krosean konturatu nintzen korrika gustura nenbilela. Gero, gurasoek kirol bat aukeratzera animatu nindutenean, atletismoa probatzea erabaki nuen, eta uste dut asmatu nuela.
Gustura al zabiltza Eibarko Klub Deportiboko atletismo taldean? Zenbat urte daramatzazu bertan?
Oso gustura nabil eibartarren artean, talde ederra gara. 2021eko urrian hasi nintzen bertan.
Atletismoa kirol gogorra eta diziplina handikoa da; nolakoa da zure egunerokoa?
Aurten, astean bitan joan naiz Unbera entrenatzera. Klubak aukera zabala ematen du, egunero baititugu entrenamenduak, 17:00etan, eta hori ezinbestekoa zait nire eskolaz kanpoko beste ekintzekin uztartu ahal izateko. Elikadurari dagokionez, ez dut ezer berezirik egiten, eta probak asteburuetan izaten dira. Azken finean, antolaketa ona izatea ezinbestekoa da guztiari aurre egiteko.

Zeintzuk dira, zure ustez, kirol horren alde on eta txarrak?
Alde onen artean, zalantzarik gabe, aniztasuna aipatuko nuke. Jende askok uste du atletismoa korrika egitea bakarrik dela, baina diziplina ugari biltzen ditu: altuera-jauzia, pisu-jaurtiketa, pertika, hesi-lasterketak... Nork bere lekua aurkitu dezake. Alde txar bat aipatzekotan, berriz, kirol indibiduala dela eta mentalki prest egon behar dela esango nuke. Nor bere buruaren kontra aritzen da; dena norberaren esku dagoenean, presioa oso handia izan daiteke. Hilabeteak edo urteak egon gaitezke marka hobetu gabe, nahiz eta gogor entrenatu, eta txapelketa askotatik lehor bueltatzea mentalki gogorra da.
Erreferenterik baduzu?
Bai, Elene Arrazola gure klubeko kidea dut erreferente nagusi. Asko ikasten da etxekoengandik.
"Kirol honen alde onen artean, zalantzarik gabe, aniztasuna aipatuko nuke"
Jakin badakigu dantzaria ere bazarela; Gure Kai dantza taldean, Kulunkan… ere bazabiltza. Bateragarria al da atletismoarekin?
Bai; arlo fisikoa asko indartzen dut biekin: balletarekin, elastikotasuna, luzaketak eta oreka; eta euskal dantzarekin, baita indarra eta potentzia ere. Uste dut biak direla positiboak. Hori bai, sekretua ez dago hanketan, ordutegien kuadrantean baizik!
Datozen asteotan, udan, etenaldia egingo al duzu?
Uztailean, bi astez Sierra Nevadara joango naiz, atletismoko campus batera, bertan entrenatu eta inguruaz gozatzera. Ondoren, opor tartea izango dut, bai, irailean taldearekin berriz entrenatzen hasi arte.
Eta etorkizunean, zer asmo? Zeintzuk dira erronkak aurrera begira?
Asmo handirik gabe, entrenatzen jarraitzea eta markak pixkanaka hobetzen joatea da helburu bakarra, oraingoz. Azken finean, ni abiadura probetan lehiatzen naizen arren, atletismoa iraupen-lasterketa bat da; poliki-poliki, konstantziaz eta lan asko eginez egin beharreko bidea.