Duela gutxi Leioan jokatutako Euskadiko Hiri Kirolen Txapelketan nagusitu zen Unax Lobo skater debarra. 12 urtez azpiko kategorian lortutako emaitza hari esker, datorren azaroaren 20tik 22ra Alacanten –La Nucia– egingo den Espainiako Skate Park Txapelketan zuzenean parte hartzeko txartela bereganatu du.
Arg.: Lobo, erdian, Euskadiko Hiri Kirolen Txapelketako podiumean. EHSB
Orain arte Ipar Surf eta Skate Eskolan trebatu den kirolariak maila handia erakutsi zuen lehian. Open formatuan jokatutako proban adin guztietako parte-hartzaileak aritu ziren, eta debarrak sailkapen nagusiko lehen hamarren artean amaitu zuen; bederatzigarren postuan, hain zuzen ere.
Azken saiakeran
Iker Lobok, Unaxen aitak, azaldu duenez, txapelketan "sekulako maila" izan zen, baina podiuma ez zen argitu azken unera arte. "Unaxek txapelketa ona egiteko esperantza zuen, eta, azkenean, hala suertatu zen. Egia esan, emaitza ona espero genuen, baina garaipena ezusteko handia eta pozgarria izan zen guretzat. Azken hilabeteotan sekulako lana egin du, eta garaipen hau horren guztiaren saria da", adierazi du.
Halaber, azaldu du Unaxek hainbat zailtasun izan zituela irabazteko: "Lehenengo aukeran kale egin zuen eta bigarrenean erori egin zen; baina azken txanpan, azken aukeran, etorri zen garaipena".
Erronka berriak
Alacanteko hitzordura begira, skater debarrak entrenatzeko era aldatu beharko du, nahitaez, txapelketako skate parkeak neurri eta ezaugarri oso ezberdinak baititu. "Hango parkea oso handia da eta altuera handia hartzen du. Halako tokietan entrenatzen hasi beharko du orain, baina, tamalez, ez daukagu halako parkerik bertan. Hurbilena Eibarren daukagu, baina hori ere txiki geratzen zaigu askotan. Bestelakoan, Azpeitira, Zarautzera... joan behar izaten dugu", azaldu du aitak.
Prestakuntza berezi horretan, gainera, "maniobra arriskutsuagoak, ikusgarriagoak eta zailagoak" ikasi eta landu beharko dituela gaineratu du aitak, aurkariak gainditzeko eta epaileen arreta erakartzeko.
Bestalde, skater debarrak euskal selekzioaren deia jaso du. "Dei hori jasotzea sekulakoa izan da harentzat", zehaztu du aitak. Orain arte, erreserba aritu da, baina azken emaitzek debuta egiteko aukera ireki diezaioketela uste du Iker Lobok: "Selekzioaren hurrengo hitzordua uztailean izango da, autonomia erkidegoen arteko Espainiako Txapelketan; ea bertan debutatzeko aukera duen".