122 haur ari dira Kolorez Blai euskal udaleku irekietan parte hartzen

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko uztailaren 2a

Astelehenean, hilaren 29an, hasi zituzten Debako Kolorez Blai udalekuak lehenengo txandan izena eman duten HH4-HH5 eta LH1-LH4 mailetako 122 haurrek eta 18 begiralek, eta, harrezkero, hainbat eta hainbat ekintza egiten ari dira egunez egun.

Hauxe esan du Emili Sukiak, lantaldeko koordinatzaileetako batek: "Giro alaian hasi dugu aurten ere urteroko kolore festa, eta gustura gabiltza. Ez dugu aspertzeko tarte handirik izango datozen egunotan".  

Uztailaren 10ean bukatuko dute lehenengo txanda, eta uztailaren 13tik 24ra bitartean egingo dute bigarrena, HH4-LH6 mailetako ikasleei eskainia; guztira, 129 umek eta 21 begiralek hartuko dute parte. Astelehenetik ostiralera egingo dira udalekuak, 10:00etatik 13:30era.

Partaide kopuruak, gora 
Apirilaren 15ean itxi zuten Debako Udalak eta Zuhatza-Kolore Anitzek elkarlanean antolatutako udalekuetarako izen-ematea, eta hilaren 22an egin zuten haiei buruzko informazio-bilera, udaletxean. Sustatzaileak pozarren daude euskarazko aisialdi eskaintzak izan duen harrerarekin, aurten matrikulazio kopuruak gora egin duela esan baitute.