Uztailaren 15ean amaituko da Umeen Eguneko danborradan izena emateko epea

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko uztailaren 4a

Guztira, bost entsegu egingo dituzte abuztuaren 15eko danborrada prestatzeko.

Hasiak dira dagoeneko San Roke festen baitan abuztuaren 15ean ospatuko den Umeen Eguneko egitaraua prestatzen. "Egun polita izango da ume eta gaztetxoentzat, hainbat jarduera ari baikara antolatzen; tartean izango dira, adibidez, puzgarriak eta ur parkea, baita Berdinki Zirku konpainiaren Mikra ikuskizuna ere. Gainera, herri bazkaria egingo dugu haur, familia eta gaztetxoentzat, catering zerbitzua eskainiz, eta musika ere egongo da, Mugi Panderoaren erromeria izango baita Plaza Zaharrean", azaldu du antolakuntzan diharduen herritar taldeak. 

Kalejira eta jaialdia arratsaldean izango dira. 17:30ean abiatuko dira kalez kale, Banda Gaztearen, dultzaineroen eta txistularien laguntzarekin, eta Foruen plazan egingo dute jaialdia, 18:00etan; danborrada, dantzariak eta erraldoi txikiak izango dira protagonista. Ondoren, ogitartekoak banatuko dituzte eta LHko haurrei zuzendutako jolasak izango dira.

Danborradan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago jadanik. Aipatu dutenez, Internet bidez soilik eman daiteke izena, eta uztailaren 15a da horretarako azken eguna. Interesa dutenek labur.eus/2026koumeeneguna estekan ikusgai dagoen inprimakia bete beharko dute, adina kontuan hartu eta zein postutan parte hartu nahi duten adieraziz. Bertan eman behar da jolasetan parte hartzeko izena ere. 

Bost entsegu egingo dituzte danborrada prestatzeko: lehen saioa uztailaren 22an izango da, 19:00etan, Ifar kaleko Luzaro eskolan; uztailaren 29an eta abuztuaren 5ean, 10ean eta 12an izango dira hurrengoak. Haurrekin batera familiek ere parte hartu dezakete danborradan, entseguetan nahiz egunean bertan. 

Boluntario bila

Bestalde, Umeen Eguneko ekintzak aurrera eramateko boluntarioak behar dituztela aipatu dute antolatzaileek; laguntzeko prest daudenek danborradan edo jolasetan izena emateko erabilitako inprimaki bera bete beharko dute. Zalantzak argitzeko, debakoumeeneguna@gmail.com posta elektronikora idatz daiteke.