Rouhaifa Kassem artista palestinarrak ‘Ipuin artistikoak’ erakusketa dakar Debara

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko uztailaren 2a

Lanak bihartik (uztailak 3) igandera (uztailak 5) izango dira ikusgai, Sandra gozoki-dendaren alboko lokalean (Akabi english shool zenaren lokalean).

Rouhaifa Kassem artista palestinarrak bere lanak ekarriko ditu berriz ere Debara. Bihar (uztailak 3) 18:00etan irekiko dituzte Ipuin artistikoak (Cuentos artisticos, gaztelaniaz) izeneko erakusketaren ateak. Libanoko errefuxiatu-esparruetan jaiotako sortzaileak Euskal Herriko hainbat herritan aurkeztu ditu bere obrak, eta Deban bigarrenez izango da; iazko maiatzean ere bertan izan zen.

Lersundi kalean, Sandra gozoki-dendaren alboko lokalean egongo da ikusgai erakusketa, eta igandera (uztailak 5) arte bisitatu ahal izango da, honako ordutegi honetan: bihar, 18:00etatik 21:00etara; etzi eta igandean, berriz, 11:00etatik 15:00etara eta 18:00etatik 21:00etara. Ekimena Deba-Palestina herri ekimenak antolatu du, eta, aditzera eman dutenez, artista bera ere bertan izango da, lanen nondik norakoak azaltzen. 

30 pieza

Erakusketak 30 pieza biltzen ditu; tartean, boligrafoz, punta fineko errotuladorez eta markatzaile grafikoekin egindako marrazkiak zein akuarelak. Egilearen hitzetan, lan horiek "lurrari, ondareari, historiari eta bertako betiko erroei lotutako kontakizun artistiko bat" osatzen dute, eta artearen eta herri baten funtsaren arteko zubia agerian utzi.

Falafel dastaketa ere antolatu dute; igandean egingo dute, 12:00etan, erakusketa-gunean bertan

Kassemek betidanik izan du konpromisoa bere herriaren kausarekin eta borrokarekin, eta sorkuntzen bidez Palestinako errealitatea islatu nahi izan du. Haren esanetan, ekimenaren helburua artearen eta ondarearen arteko lotura agerian uztea da. 

Sortzaile palestinarrak erantsi duenez, hartu-eman handia du Debako herriarekin eta bertako herri ekimenarekin. "Gure aliatu nagusia da. Palestinar giroan inspiratutako kultur ekitaldi tradizionalak bultzatzen saiatzen da, eta haren jardueren artean gure gastronomia ere txertatzen du", adierazi du.

Eta harreman on horren erakusgarri, falafel dastaketa antolatu dute; igandean egingo dute, 12:00etan, erakusketa-gunean bertan. Kassemen hitzetan, artea eta gastronomia uztartu nahi izan dituzte. "Falafela gure kultur nortasunari estuki lotutako plater herrikoi eta tradizionala da, belaunaldiz belaunaldi transmititu dena", zehaztu du. 

Zisjordaniako gaztetxoen bisita

Deba-Palestina herri ekimeneko kideek jakinarazi dutenez, Zisjordaniako errefuxiatuen kanpalekuetan bizi diren 10 eta 15 urte bitarteko zortzi neska-mutil Deban izan ziren joan den astean. "Zortzi gaztetxo palestinarrez osatutako dantza talde txiki bat etorri zitzaigun herrira, beren bi begiralerekin", azaldu dute.

Bisita, zehazki, Durangaldean igarotako astebeteko oporraldiaren barruan kokatzen da. Denbora tarte horretan, Euskal Herriko hainbat txoko ezagutzeko aukera izan zuten eta, bide batez, Debara ere hurbildu ziren.

Herrira egindako bisitan, hondartzan eman zuten eguna. Azaldutakoaren arabera, gonbidatuak “pozik eta lasai” ibili ziren hondarretan jolasean, eguneroko kezkak albo batera utzita. "Hondartzan pozik ibili ziren eta, eskaini genien bazkari eder baten ostean, Durangora itzuli ziren", gaineratu dute herri ekimeneko kideek.

Gaztetxoek Debara egindako bisita, Durangaldean igarotako astebeteko oporraldiaren barruan kokatzen da

Gaztetxoak Balatatik datoz, Zisjordaniako iparraldean dagoen Nablus hiritik gertu dagoen errefuxiatu esparru batetik; toki horretan, Israelgo armadak beren herrixketatik kanporatutako 23.000 pertsona baino gehiago bizi dira baldintza gogorretan.

Era berean, nabarmendu dute bidaia ez dela kasualitatea izan. Europara bidaiatzeko aukera izan dute haurrei espazio seguruak eta laguntza eskaintzeko lan egiten duen Palestinako Childhood and Tolerance Center (Haurtzaroaren eta Tolerantziaren Aldeko Zentroa) erakundeak sustatutako programa bati esker.

Durangoko egonaldia, gainera, erakunde horren eta Durangaldea Palestina koordinakundearen arteko elkarlanaren emaitza izan da. “Bira honen helburua haurrak estres eta biolentzia ingurune bortitzetik aldentzea izan da. Horrela, egitarau oparoa prestatu zien Durangoko taldeak”, adierazi dute Deba-Palestina herri ekimeneko kideek.