Beste urte batez, askotariko ikuskizunak izango dira uztailean Debako Plaza Zaharrean. Euskaratik eta euskaraz egindako sormen lanak ardatz hartuta, diziplina askotariko bost kultur ekitaldi iragarri ditu Debako Udalak, Iturri Ondoan egitasmoaren baitan. Ostiral gauetan 22:00etan izango dira guztiak, bat izan ezik; azken emanaldia ostegunez egingo dute, jaiegun bezperan, hilaren 30ean.
Gaur, uztailak 3, hasiko da programazioa, Arineketan taldearen Zaharrak berri ikuskizunarekin. Jagoba Astiazaranen eta Iñaki Sastreren izen bereko diskoan oinarritutako lana da, musika, bertsolaritza eta dantza batzen dituena. Euskal dantzen erritmo eta doinuak oinarri hartuta, ondare hori eraldatu eta, beti umorez eta dibertsioz, tradiziozko hotsek egun bizi berri bat dutela erakutsi nahian dihardute taldekideek oholtzaz oholtza. Bi aldiz irabazi dute Euskal Herriko Musika Bulegoa saria.
Hilaren 10erako, bertso saioa iragarri dute: Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Nerea Elustondo eta Agin Laburu ariko dira agertokian, a cappella, Aimar Karrikaren gidaritzapean.
'Begiradak' hilaren 17an
Herritarrak izango dira protagonista hilaren 17ko hitzorduan, hamahirugarren aldiz, tokiko sortzaileen Begiradak literatur errezitaldi eta irudien proiekzioak girotuko baitu, musikaz lagunduta, Plaza Zaharra.
Aurtengo eskaintza Anduriña Zurutuzak eta Beatriz Egizabalek taularatutako Jo! umorezko ikuskizunak eta Odei Barroso Ødei musikariaren kontzertuak borobilduko dute, hilaren 24an eta 30ean, hurrenez hurren.
Egitarauaren berri eman, eta proiektuaren garrantzia azpimarratu du Alazne Txurruka alkateak: "Iturri Ondoan ekimenak gure herriaren arima islatzen du: euskaratik eta euskaraz sortutako kultura bizia. Ez da ekitaldi sorta hutsa, Debako identitate euskalduna indartzeko eta herritarrak artearen inguruan biltzeko modu bat baizik. Udan zehar, sormen eta tradizioaren arteko uztarketa bizitzeko aukera izango dugu".