Bihar hasiko da San Roke jaietako kartela aukeratzeko herri-bozketa

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko uztailaren 3a

Debako Udaleko Kultur Sailak izendatutako epaimahaiak aukeratu ditu aurtengo festak iragartzeko hautagai izango diren lau kartelak. Eta, orain, herritarrena izango da hitza. Bihartik asteazkenera bitartean, hau da, hilaren 4tik 8ra, lau proposamenak ikusgai izango dira Turismo Bulegoan, eta gustukoena hautatzeko aukera izango dute herritarrek, bozketa bidez.

Guztira, hamalau kartel aurkeztu dituzte aurtengo lehiaketara, eta horietatik lau pasatu dira azken bozketa fasera: Polainero, Festa erraldoia, Deba prest, ondo pasa eta Zezen dantza. Herritar bakoitzak kartel bakarraren alde bozkatu ahal izango du, eta boto gehien jasotzen dituen lana izango da abuztuaren 14tik 18ra ospatuko diren jaietako irudi ofiziala. Irabazleak 500 euroko saria jasoko du. Saritu gabeko lanak, berriz, uztailaren 11tik aurrera jaso ahal izango dira, hilabetea amaitu aurretik, udaletxeko harrera bulegoan.

Asteburuko ordutegia

Udalak azaldu duenez, herritarrek modu presentzialean soilik parte har dezakete. Bihar, Turismo Bulegoa 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 19:00etara egongo da zabalik; igandean, aldiz, 10:00etatik 14:00etara.