Juan Hernandez Zubizarretak hitzaldia emango du gaur Deban, 'Marea gora' zikloaren baitan

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko uztailaren 8a

Juan Hernandez Zubizarreta. Arg.: Ikasten

Kultur Elkarteak gaur, uztailak 8, hartuko du 'Marea gora' ekimenaren baitan aurten antolatutako bigarren solasaldia. 19:00etan jarri dute hitzordua.

Debabarreneko Ikasten Esperientzia Eskolaren 18. promozioko ikasleen ekimenez, Marea gora hitzaldi sorta egiten ari dira, laugarrenez, Deban. Joan den astean egin zuten lehen saioa, Toti Martinez de Lezea idazlearekin, eta 150 lagunetik gora elkartu ziren Kultur Elkartean. Gaurkoan, berriz, Juan Hernandez Zubizarreta EHUko irakasle, Latinoamerikako Multinazionalen Behatokiko kide eta Herrien Auzitegi Iraunkorreko laguntzailearen txanda izango da; El nuevo orden mundial y los derechos humanos: entre el caos y la resistencia (Munduko ordena berria eta giza eskubideak; kaosaren eta erresistentziaren artean) hitzaldia egingo du. 

Ohi bezala, saioa 19:00etan hasiko da, doako sarrerarekin. Eta, antolatzaileek gogorarazi bezalaxe, aretoaren kanpoaldean pantailak jarriko dituzte hitzaldia kanpotik ikusi ahal izateko.

Egitarauak datozen asteotan izango du jarraipena. Hona hemen iragarri dituzten solasaldiak:

  • Uztailak 15: Euskal itsasontzigintza eta itsas historia XVI. eta XVII. mendeetan. Hizlaria: Xabier Alberdi Lonbide (Itsas historialaria eta Euskal Itsas Museoko zuzendaria).
  • Uztailak 22: Lo que el mar esconde y nos devuelve: microplásticos y basuras marinas en nuestros ríos y playas (Itsasoak ezkutatzen eta itzultzen diguna: mikroplastikoak eta itsasoko zaborrak gure ibai eta hondartzetan). Hizlaria: Oihane Cabezas Basurko (AZTIko Arrantza Teknologia Jasangarrien arloko ikertzaile seniorra).