Debasket Saskibaloi Klubak hamar urte beteko ditu datorren irailean, eta, azken hamarkadako lana eta ibilbidea gogoratzeko, festa handi bat antolatu du irailaren 5erako. Herritar guztiak zein kirol klubeko komunitate osoa gonbidatu dituzte bertan parte hartzera. Ospakizunaren baitan, herri bazkaria egingo dute, Zumardiko karpan, eta, adierazi dutenez, txartelak larunbatean (uztailak 11) jarriko dituzte salgai.
Udaletxe azpian jarriko duten postuan eskuratu ahal izango dira txartelak. Jokalari zein talde teknikoko kideek 5 euroan lortu ahal izango dituzte, eta gainerakoek, 20 euroan; bertaratzeko aukerarik ez dutenek Turismo Bulegoan izango dituzte eskuragarri hurrengo asteetan. Larunbatean, gainera, urteurrenerako propio sortu duten kamiseta erosteko aukera izango da; diseinua Beñat Urriolabeitiarena da, klubeko jokalarien artean antolatutako lehiaketa baten bidez hautatua.
Bestalde, klubak gogorarazi du zabalik dagoela taldeetan izena emateko epea; www.debasket.eus/inskripzioak atariaren bidez edo debasket@debasket.eus helbide elektronikora idatziz egin daiteke.