Aldats pilotalekua boxeo erakustaldi baten agertoki izango da hilaren 18an

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko uztailaren 14a

Jo Ta Su Boxing klubak antolatu du hitzordua, eta bost borrokaldi ikusteko aukera izango da; sarrera doakoa da.

Aldats pilotalekuak Deban egingo den lehen boxeo erakustaldia hartuko du larunbatean (uztailak 18). Jo Ta Su Boxing klubak antolatutako kirol jaialdia 19:00etan hasiko da, eta ateak 18:30ean irekiko dituzte. Sarrera doakoa izango da, eta klubak pilotalekuko harmailak betetzeko dei egin die herritarrei. Alde horretatik, baikor daude. "Erantzun ona espero dugu", zehaztu dute. 

Ekimenaren helburu nagusia boxeoa herritarrei hurbiltzea dela nabarmendu dute. Klubeko kideen iritziz, kirol horren bueltan oraindik ere aurreiritzi ugari daude, eta erakustaldiaren bidez irudi hori aldatu nahi dute. "Jendeak ikus dezala boxeoa modu seguruan praktikatu daitekeen diziplina dela, arriskurik ez duena eta edonork praktikatu dezakeena", azaldu dute.

Klubeko kirolariak protagonista

Familia osoari zuzendutako jaialdiak ordu eta erdi inguru irautea aurreikusten dute, eta guztira bost borrokaldi egingo dituzte, guztiak klubeko kirolarien artean. Antolatzaileek azaldu dutenez, parte-hartzaileen pisua eta maila kontuan hartuta ahalik eta norgehiagoka parekatuenak osatzen saiatu dira. Eta hitzorduak benetako boxeo jaialdi baten itxura izan dezan, pilotalekuan 5x5 metroko ring bat jarriko dute. Giroa berotzeko, gainera, esataria eta musika ere izango dira. 

Jo Ta Su Boxingeko kideek adierazi dutenez, aspalditik ari dira hitzordua errealitate bihurtzeko lanean, eta ilusionatuta daude: "Denbora luzea daramagu entrenatzen, horretarako azpiegitura egokitzen eta egin beharreko guztiak mimo handiz aurrera eramaten". Gaineratu dutenez, aspalditik zeukaten horrelako jaialdi bat antolatzeko nahia: "Hau lehen pauso bezala ikus daiteke, gerora lehiaketa ofizialak antolatzera bidean". Hain zuzen ere, lehen esperientzia honek harrera ona izanez gero, urtero errepikatzea gustatuko litzaieke.