Autodefentsa tailerra antolatu dute, jaien testuinguruan

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko uztailaren 10a

Bi orduko bi saio egingo dituzte Jo Ta Su Boxing klubaren lokalean; igandean (uztailak 12) eta datorren ostegunean (uztailak 16) izango dira hitzorduak.

Debako Txosna Batzordeko eragileekin elkarlanean, emakumeentzako autodefentsa tailerra antolatu du aurten ere Jo Ta Su Boxing klubak. Iaz abiatu zuten ekimena, San Roke jaien bueltan, eta izan zuen harrera ona ikusita, aurten ere esperientzia errepikatzea erabaki dute.

Guztira bi orduko bi saio eskainiko dituzte, boxeo klubak Latzurregi kaleko 2. zenbakian duen lokalean (EPAko lokalean). Lehen hitzordua igande honetan (uztailak 12) izango da, 17:00etatik 19:00etara; bigarrena, berriz, datorren ostegunean (uztailak 16), ordutegi berean.

Antolatzaileek interesa duten emakume guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera. Azaldu dutenez, ez dago aurrez izenik eman beharrik; bertaratzearekin nahikoa izango da.