Zortzi ahots graberen batura da taldea: Peio Fuentes eta Iker Blanco (lehen tenorrak); Alex Laskurain eta Unai Lekube (bigarren tenorrak); Ruben Ramada eta Jesus Aramberri (baritonoak); eta Anto Calleja eta Gustavo Laskurain (baxuak). Horietako bi, Aramberri nahiz Lekube, Debakoak dira. Azken horrek eman dio BARRENAri sortu berri duten otxotearen berri, biharko kontzertua aitzaki hartuta.
Nolatan eratu duzue otxotea?
Otxoteen inguruko beste edozer bezala, poteo baten bueltan sortu zen ideia. Kasu honetan, Deban izan zen; Kanbon urtero ospatzen den Otxote Jaialdiari buruz hitz egiten ari ginela, Deban horrelako zerbait egitea polita izango zela aipatu genuen. Horregatik, pausoa eman, eta Deba, Eibar eta Donostialdeko lagunez osaturiko otxotea sortzea erabaki genuen.
Hemen inguruotan ba al dago edo egon izan da otxoteen tradiziorik?
Kuadrillak tabernaz taberna kantatzen, txikiteoa girotzen, ibiltzen zireneko ohituratik jaio ziren otxoteak. 60ko hamarkadan, Deban Ondar Beltz Otxotea existitu zen, baina orduz geroztik ez dugu uste antzeko talderik izan denik. Deban musika tradizio izugarria daukagu, eta horri otxote moduan gure keinu xumea egitea izan da gure asmoa.
Zer berezitasun dute otxoteek, abesbatzekin alderatuta, adibidez?
Tradizioz, otxote bat ahots grabez osaturiko talde bat da, eta, izenak dioen bezala, zortzi taldekidez osatuta egoten da [soka bakoitzeko bi kide]. Hala ere, badaude beste mota batzuetakoak ere; emakumez soilik osatuak edota otxote mistoak, besteak beste. Abesbatzak, ordea, askoz ere aukera gehiago ematen du, taldekide eta ahots mota nahiz estilo gehiagorekin.
Aurrez ere kantatu izan duzue elkarrekin beste talde edo proiekturen batean?
Zortziak ez gara sekula elkarrekin aritu. Debako Aitzuri eta Donostiako Easo Abesbatzatik hasi eta beste hainbat proiektu musikaletako kide izateaz gain, euskal musika eta folklorea maite dugun lagun talde bat besterik ez gara. Hori da politena; alegia, musika, folklorea, otxoteak eta, orokorrean, abestea maite dituzten eta elkar ezagutzen ez zuten zortzi lagun elkartu garela.
Zer-nolako emanaldia izango da biharkoa?
Otxoteen esentziari omenaldia egiteko helburuarekin, euskal folkloreko betiko abestiekin osatutako emanaldia prestatu dugu; hamar-hamabi kanta abestuko ditugu. Eta, Debako elizako klaustro zoragarriak eskaintzen digun tokia eta akustika aprobetxatuz, guztion artean tradizio polit horretaz disfrutatzea espero dugu. Sarrera doakoa izango da, noski.
Lehenbiziko kontzertua izango da zuentzat, talde gisa. Zer sentsaziorekin zaudete?
Debako kultura musikalari gure ekarpen xumea egiteko asmotan sortu dugu otxotea, eta kontzertu bakarra emateko ideiarekin. Hortik dator otxotearen izena: Azkenkanta. Baina hainbeste ari gara gozatzen kontzertua prestatzen, nork daki aukera gehiago egongo diren...
Beraz, ez duzue baztertzen proiektuari jarraipena ematea... Baliteke ez izatea lehen eta azken kantaldia?
Taldekide batzuk aztoratuta dabiltza prestaketekin, eta batek daki zer gertatuko den hemendik aurrera. Baina benetan nahiko genukeena zera da: edozein motatakoak izanda ere, tradizio polit hori berreskuratzera animatuko diren beste otxote batzuk ere sorrarazten laguntzea.