Debako Kooperazio Taldeko kideek elkartasun azoka antolatu dute asteburu honetarako. Bihar eta etzi, hilak 11 eta 12, jarriko dute salmenta postua udaletxe azpian, Foruen plazan, eta 11:00etatik 14:30era bitartean egongo da zabalik. Salmentetatik lortutako irabaziak Manina herrixkako (Mali) emakumeei laguntzeko bideratuko dituztela jakinarazi dute.
"Maninako emakumeek tresnak eta ura behar dituzte baratze komunitarioak martxan jarri ahal izateko. Eta, baratze horiei esker, familiaren ekonomia eta seme-alaben elikadura hobetzeko aukera izango dute. Horixe izango da, hain justu, asteburuko azokaren helburua, ekimenaren bitartez jasotako irabaziak proiektu horretara bideratzea", nabarmendu dute antolatzaileek.
Azokara bertaratzen direnek beste herrialde batzuetako artisau-lanak eta produktuak erosteko aukera izango dute, eta, ohi legez, bidezko merkataritzako elikagaiak ere izango dira salgai postuan, hala nola kafea, arroza, txokolateak, infusioak, galletak eta pasta.
Orain arte egindako azoken arrakasta ikusita, oraingo honetan ere ekimenean parte hartzeko eta beren ekarpena egiteko dei egin diete herritarrei.