Aurreko astean, uztailaren 1etik 5era, oinarrizko futbol kategorietako Salou Youth Cup futbol txapelketa ezaguna jokatu da Saloun (Herrialde Katalanak). Urtero legez, nazioarteko talde ugarik hartu dute parte kategoria ezberdinetan, eta bertan izan dira Amaikak-Bateko zenbait talde ere.
Emaitzarik aipagarriena kadete-gazte mailako neskek eskuratu dute: Integrazio Kopako txapeldun bilakatu dira beren mailan (kontsolamenduko txapelketa). Baina kirol lorpenetik haratago, garaipena lortzeko modua nekez ahaztuko duten pasadizo bitxia bihurtu da; izan ere, berez, txapelketatik kanpo geratu ondoren eta finala jokatu gabe izendatu baitituzte txapeldun. "Modu xelebrean izendatu gintuzten txapeldun. Izatez, guztia oso arraroa izan zen", aipatu du Itsaso Iciar talde teknikoko kideak.
Taldeak finalerdietara iristea lortu zuen. Han, 1-1 berdindu zuen partida, baina penaltietan galdu eta txapelketatik kanpo geratu ziren, finalaren atarian. Taldekideek tristuraz amaitu zuten jardunaldia, finala jokatzeko aukera oso gertu izan baitzuten. “Finalerdietan galdu eta gero penarekin geunden. Azken finean, finala pare-parean daukazu eta penaltietan galtzea gogorra da, baina, hala ere, neskak lasai zeuden", erantsi du Iciarrek.
Ustekabeko deia
Etxera esku-hutsik itzultzeko prest zeudela, ordea, hurrengo egunean dena aldatu zuen ustekabeko deia jaso zuten antolakuntzatik. "Talde batzuk txapelketatik kanporatu egin zituztela jakinarazi ziguten, tartean gure aurka finalerdia jokatu zuena. Antza denez, lerrokatze desegokiengatik eta zenbait arau urratzeagatik hartu zuten neurri hori. Hala ere, antolakuntzatik esan ziguten gu kanpoan geundela, ez genuelako inpugnatu partida", dio talde teknikoko kideak.
Ezustekoa, ordea, ez zen hor amaitu. Azken orduan beste dei bat jaso zuten antolakuntzatik, esanez kopa jasotzera joan behar zutela. "Finalean gure aurka aritu behar zuen taldea ez zela aurkeztu esan zidaten. Ondorioz, antolatzaileek zuzenean txapeldun izendatzen gintuztela eta kopa jasotzera joateko eskatu ziguten". Beraz, finala lehiatu gabe bilakatu ziren Integrazio Kopako txapeldun.
Jokalariak zein arduradunak oraindik ere "harrituta eta flipatzen" daude gertatutakoarekin. Oso pozik daude garaikurra etxera ekarri dutelako, baina lehiatzeko gogoz geratu direla onartu dute. "Gure taldekideen nahia, behin finala jokatzeko aukera izanda, hura lehiatzea eta irabaztea zen, eta gogo horrekin geratu dira", gaineratu dute talde teknikoko ordezkariek.