"Martxa onean" doaz Kolorez Blai euskal udalekuak, jarduerez betetako egitarauarekin

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko uztailaren 14a

Ekainaren 29an abiatutako lehen txanda atzean lagata, aste honetan ekin diote Deban Kolorez Blai udalekuen bigarren hamabostaldiari.

Guztira, HH4tik LH6ra bitarteko 129 ume eta 21 begirale ari dira egitasmoan parte hartzen eta, koordinatzaileen esanetan, "pozik" dabiltza partaideak, "martxa onean baitoa dena".

Ekintza ugari burutu dituzte orain arte eta beste hainbeste egiteko asmoz dira uztailaren 24ra bitartean. Hilaren 10ean, adibidez, Gure Zirkua ezagutzera joan ziren Lekeitiora eta ostegun honetan (uztailak 16) magia ikastaroa egingo dute Iago Magoarekin.