Hilaren 24rako Deban odola emateko dei zabala egin dute

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko uztailaren 15a

Herritarrei ez ezik, eskualdeko bizilagun guztiei eta oporrak bertan igarotzen ari direnei ere egin diete deialdia Debako Odol Emaileen Elkarteko kideek. 

Uda honetan eman odola, eman bizia lelopean, Debako Odol Emaileen Elkarteak beste odol-emate saio bat antolatu du uztailaren 24rako. Ateratzea 16:30etik 20:30era izango da, Ifar kaleko Luzaro ikastetxean.

Ohiko deialdia izatetik urrun, oraingoak garrantzi berezia duela nabarmendu dute Debako elkarteko kideek. Azaldu dutenez, inguruko herrietan azken egunotan egindako saioetan ohi baino parte-hartze apalagoa erregistratu dute. Hori dela eta, deia, herritarrei ez ezik, eskualdeko bizilagun guztiei eta oporrak bertan igarotzen ari direnei ere egin diete: "Udan Debara inguruko jende asko etortzen dela baliatuta, deialdi berezia egin nahi izan dugu".

Antolakuntza-lanak errazteko, aurrez hitzordua eskatu beharko da. Bi bide daude horretarako: batetik, hilaren 20tik 22ra, gotatanta.eus webgunean hitzordua erreserbatzeko aukera egongo da; bestetik, 623 91 23 03 telefono zenbakira deituta edo mezua bidalita ere eska daiteke txanda. Kasu horretan, hilaren 23an eta 24an goizez ere izango da horretarako aukera.