Azken astean egindako umorezko ikuskizunari, bisita gidatuari eta magia ikastaro nahiz emanaldiari lekukoa hartuta, musikari egingo diote tokia oraingoan Udako Kultur Loraldian; bi hitzordu izango dira aukeran datozen egunotan, biak ala biak Debako Kultur Elkartearen eta herriko beste zenbait eragileren ekimenez.
Biharko, hilak 18, binilo-pintxadek eta azoka txikiak osatutako egun osoko egitaraua ondu dute. Orotara, Debako bederatzi disko-jartzaile ariko dira Kultur Elkarteko plaza girotzen; haietako lau 12:00etatik 15:00etara egingo den bermut saioan izango dira eta gainontzeko bostek arratsaldeko saioan jardungo dute, 19:00etatik 22:30era. Aurtengo hitzorduaren berritasuna goizeko azoka izango da; tokiko ekoizleen eta taldeen artisau-lanak nahiz merchandising produktuak izango dira salgai.
Punk-rock akustikoa
Hilaren 23rako, berriz, Edu Zardoyaren (Tutera, 1999) doako kontzertua iragarri dute; 20:00etan izango da, Kultur Elkarteko plazan. Hainbat punk-rock taldetan aritu ostean, bakarkako ibilbidean dihardu musikari nafarrak; formatu akustikoan ariko da agertokian.
Kultur Loraldiaren baitan antolatutako egitarauak beste hainbat proposamen bilduko ditu abuztuaren 1era bitartean. Hona hemen programazio osoa: