Giro aparta Kultur Elkarteak antolatutako binilo-pintxadan

Alex Turrillas Gonzalez 2026ko uztailaren 20a

Larunbatean, uztailaren 18an, giro ezin hobea izan zen Debako Kultur Elkarteko plazan antolatutako binilo-pintxada herrikoian.

Orotara, Debako bederatzi disko-jartzailek hartu zuten parte jardunaldian. Goizeko bermut saioan, 12:00etatik 15:00etara, lau disko-jartzaile aritu ziren musika jartzen. Arratsaldean, berriz, beste bostek hartu zuten lekukoa, 19:00etatik 22:30era bitartean.

Musikaz gain, goizean azoka ere egin zen, eta bertan hiru proiektuk parte hartu zuten: De Barro y Mecate zeramika egitasmoak, Katxalote arropa markak eta Garaitz Poltsak.

Antolatzaileek ekimenaren inguruko balorazio positiboa egin dute eta pozik agertu dira ekimenak jasotako erantzun bikainarekin.