Mikroplastikoak eta itsasoko zaborrak hizpide Marea Gora zikloko azken hitzaldian

Alex Turrillas Gonzalez 2026ko uztailaren 22a

Gaur arratsaldean, 19:00etan, Debako Kultur Elkartean egingo da Marea Gora hitzaldi zikloaren aurtengo edizioko azken saioa.

Oihane Cabezas Basurko AZTIko Arrantza Teknologia Jasangarrien arloko ikertzaileak eskainiko du "Lo que el mar esconde y nos devuelve: microplásticos y basuras marinas en nuestros ríos y playas" hitzaldia (Itsasoak ezkutatzen eta itzultzen diguna: mikroplastikoak eta itsasoko zaborrak gure ibai eta hondartzetan).

Hitzaldian, itsas eta ibai ekosistemetan pilatzen diren mikroplastikoek eta itsasoko zaborrek ingurumenean duten eragina aztertuko da, baita hondakin horien jatorria, ondorioak eta erronkak ere. Saioa gazteleraz izango da, sarrera doakoa izango da eta 19:00etan hasiko da.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, aretoaren edukiera gaindituz gero edo bertan sartu ezin dutenentzat, Kultur Elkartearen kanpoaldean pantailak jarriko dituzte hitzaldia handik ere zuzenean jarraitu ahal izateko.

Marea Gora hitzaldi zikloa Debabarreneko Ikasten Esperientzia Eskolaren 18. promozioko ikasleen ekimenez antolatzen da. Aurten laugarren aldiz ospatzen ari dira Deban, eta itsasoarekin lotutako askotariko gaiak jorratu dituzte aurtengo programan, ikuspegi zientifiko, sozial eta kulturaletik.