GUTUNA

"Errealitatetik eta errespetutik gobernatzea, ez kontakizunetik"

Jesus Mari Agirrezabala 2026ko uztailaren 24a

Hona hemen Jesus Mari Agirrezabalak BARRENA aldizkarira bidalitako idatzia.

Debako alkateak nire eskutitzari emandako erantzunak izenburu ustez epiko bat dakar, errealitate ukaezin bat estaltzeko: bere ohiko jarduteko modua, opakutasunean oinarritua. Sakonki damutzen zait joan den hilaren 8an udaletxean erregistratu nuen idatzi ofizialari erdi-mailako erantzun zeharkako bat jasotzeko komunikabideetara jo behar izana. Demokrazian denez, dezenteena herritar batek bide administratibo arruntetatik erantzuna jasotzea litzateke, baina idatzi eta kontsultei jaramonik ez egitea eta isiltasuna mantentzea da alkate honen araua.
 
Hurbiltasuna eta gezurra nekez joan daitezke eskutik. Gezurra ez da inoiz bidaide ona, ezta alkateak bere izenburuan aldarrikatzen duen "eraiki eta aurrera egiteko" aukera baliagarria ere. Eta are gutxiago aurrean gertakarien erroak zehaztasunez ezagutzen dituzten eta kontakizun politikoa eta errealitatea argi bereizten dituzten pertsonak daudenean. 
 
Arintasun osoz esaten da marmolezko monolitoak Anes Arrinda pasealekuan jartzea "artistarekin adostu" dela. Gudarien Plazako barne-historia menderatzen dugunok ondo dakigu baieztapen horrek ez duela egia esaten eta proiektuaren egiletza intelektuala erabat baztertuta mantendu dela. Nere idatziaren ondoren, alkateak errealitatearekin zerikusirik ez duen kontakizun bat inprobisatzeko presari eman dio bere burua.
 
Gudarien Plaza ez da espaloi multzo huts bat; udal mailan katalogatutako hirigune bat da. Plaza berriaren proiektua idazteko gauzarik logikoena, zorrotzena eta errespetuzkoena jatorrizko plaza diseinatu zuen arkitektura-zuzendaritzari gonbidapena egitea edo kontsultatzea izango litzateke. Gure Lasturko harrobiei eta gure historia geologikoari gorazarre egiten dien multzo eskultorikoa mugikortasunaren aitzakiaz kentzeak kultur sentsibilitate falta kezkagarria adierazten du.
 
Debako Alkatetzan dagoen edonork badaki, gertakariekin erakutsi baitiot, beti izango duela nire eskua luzatuta herriaren alde lan egiteko. Hala ere, ezin dut onartu aurreko udal-taldeek egindako lana mespretxatzea edo albo batera uztea. Ziur nago egoera alderantzizkoa balitz, egungo alkateari ere ez litzaiokeela gustatuko bere garaiko ahalegina gutxiestea.
 
Amaitzeko, apaltasuna eta autokritika ezinbestekoak dira gobernatzeko. Besteren asmo onak eta asmatzeak aitortuz eta norberaren akatsetatik ikasiz bakarrik da posible aurrera egiteko harri sendoak jartzea. Kritika legitimoari "harriak jaurtitzea" deitzea erantzukizunari ihes egiteko baliabide dialektiko txiroa da. Alderantziz, gardentasunaren ordez txalo otzana nahiago bada, ez dugu inoiz herri bezala ikasiko ezta hobetuko ere.
 
 
Jesus Mari Agirrezabala, Debako alkatea 1999 eta 2011 urte artean