Udako Kultur Loraldiak azken txanpari ekingo dio asteburu honetako egitarauarekin

Alex Turrillas Gonzalez 2026ko uztailaren 24a

Debako Kultur Elkarteak antolatutako Udako Kultur Loraldia egitasmoa azken txanpan sartu da, eta asteburu honetarako musika eta ondare historikoa uztartzen dituzten hiru hitzordu prestatu ditu.

Bihar, (uztailak 25) Ur funk-rock taldeak kontzertua eskainiko du. Hasiera batean Kultur Elkarteko plazatxoan egitekoa bazen ere, eguraldi txarraren iragarpena dela eta, emanaldia zumardiko karpara lekualdatzea erabaki dute antolatzaileek. Kontzertua 13:30ean hasiko da eta sarrera doakoa izango da.

Bisita gidatua

Igande goizean, berriz, gure herriko historia izango da protagonista. Alex Turrillas Aranzeta historiazaleak "La otra historia de Sasiola" bisita gidatua eskainiko du, 10:00etan Plaza Zaharretik abiatuta. Parte-hartzaileek Sasiolaraino oinez egingo duten ibilbidean Debako historiako hainbat pasarte esanguratsu ezagutzeko aukera izango dute.

Turrillasen esanetan, "bisita hau Debar guztiek egin beharko lukete noizbait, herriaren historiako gertaera giltzarriak gertutik ezagutzeko aukera eskaintzen duelako". Ibilbidean zehar, besteak beste, Paleolito garaiko historiaurrea, Deba ibaiko merkataritza-trafikoa, bandokideen gerrak, Gaztelako Erkidegoen Gerra eta Konbentzio Gerrako Sasiolako frontea izango dituzte hizpide. Horrez gain, Sasiolako Erdi Aroko dorrearen nahiz ondorengo komentu eta ospitale frantziskotarraren jatorria eta bilakaera ere azalduko ditu.

Bertako Uzta Jazzez Blai

Asteburuko egitaraua amaitzeko, igande arratsaldean Bertako uzta Jazzez Blai kontzertua izango da Kultur Elkarteko plazatxoan, 19:00etan. Debako eta inguruko zortzi jazz musikari igoko dira oholtzara: Juan Luis Ramirez (klarinetea), Josu Salegi (saxofoia), Alfonso Masach (tronpeta), Gaizka Ayastuy (tronboia), Maialen Tellabide (pianoa), Miguel Laguna (gitarra), Jesus Perez (baxu elektrikoa) eta Unai Olabarri (bateria). Antolatzaileen arabera, emanaldi berezia izango da, Debako beste musikari batzuen kolaborazioekin osatua.