Irailaren 12an egingo dute kaleko margo sariketa Deban

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko abuztuaren 31

Debako Udalak Cardenas Fundazioaren eta Haitz Haundi Elkarte Artistikoaren laguntzarekin antolatzen duen lehiaketaren 57. edizioa izango da aurtengoa. 16 urtetik gorako artistek parte har dezakete bertan.

Dagoeneko iragarri dituzte datorren irailaren 12an, larunbatez, Deban egingo den kaleko margo sariketaren oinarriak. Antolatzaileek nabarmendu bezala, ohi legez, "margolari guztientzako" lehiaketa izango da; baldintza bakarra 16 urte izatea da.

Parte hartu nahi duten margolariek zigilua jarri beharko diete margo oihalei, eta horretarako Agirre jauregiko erakusketa gelara jo beharko dute, 08:00etatik 10:30era bitartean. Lanak leku berean aurkeztu beharko dituzte ondoren (13:30ak baino lehen).

Gogorarazi dutenez, lanak Debako inguruetan egin behar dira, aire zabalean, eta teknika librea izango da. Antolatzaileek izendatutako epaimahaiaren esku egongo da azken erabakia eta sari banaketa ekitaldia 14:30ean egingo dute, Agirre jauregiko erakusketa gelan. Lehiaketara aurkeztutako lanak bertan izango dira ikusgai ondorengo egunetan.

Zortzi sari

Aurtengoan ere zortzi sari banatuko dituzte:

  • Lehen saria: 800 euro.
  • Bigarren saria: 500 euro.
  • Hirugarren saria: 350 euro.
  • Saritu gabeko herriko lehen sailkatua: 250 euro.
  • Cardenas fundazioaren sari bereziak:
    • Laugarren saria: 200 euro.
    • Maria Esperanza Chavarri akuarela saria (lehendik saritu gabeko akuarela onenari): 300 euro.
    • Marques de Prado Ameno sari berezia (teknika librean, aurretik saririk jaso ez duten 21 urtetik beherako gazteentzat): 150 euro.
    • Blanca Vilallonga saria (itsasoa gaitzat duen eta lehendik saritu gabeko lanik onenari): 300 euro.