Ate irekien jardunaldiak antolatu ditu Jo Ta Su Boxing kirol elkarteak

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko irailaren 1a

Iraileko astearte eta ostegun guztietan izango da boxeoa probatzeko aukera, eta ez da beharrezkoa izango aurrez kirol horretan esperientzia izatea.

Nahi duten guztiek, edozein dela ere euren maila edo adina, irailean egingo dituzten entrenamendu-saioetan parte hartzeko aukera izango dute Jo Ta Su Boxing kirol elkartearen eskutik. Izan ere, ikasturte berriarekin batera, ate irekien jardunaldiak antolatu dituzte, herritarrek elkartea eta bertan egiten duten jarduna ezagutzeko eta boxeoa probatzeko aukera izan dezaten. Horretarako, astebeteko probaldia eskainiko diete herritarrei, ordu eta erdiko bi saiotan parte hartzeko aukera emanez.

Zehaztu dutenez, gaur (irailak 1) ekingo diote ikasturte berriari, eta iraileko astearte eta ostegun guztietan izango dira ate irekien saioak, irailaren 29ra arte. Entrenamenduak elkarteak Latzurregi kaleko 2. zenbakian duen lokalean egingo dituzte, lehengo EPAren eraikin zaharrean. Iragarri dutenez, ordu eta erdiko hiru saio izango dira aukeran: bata, 16:00etatik 17:30era; bestea, 17:30etik 19:00etara; eta azkena, 19:00etatik 20:30era. Herritarrek nahi duten ordutegia aukeratu ahal izango dute, euren beharren arabera.

Interesa duten herritar guztiei egin diete bertaratzeko deia eta, nabarmendu dutenez, edozein maila eta adinetako jendeari dago zuzenduta deialdia. "Gure ateak beti izango dituzue zabalik", azaldu dute.  Elkarteko arduradunek nabarmendu dutenez, ez da beharrezkoa aurrez boxeoan esperientziarik izatea. "Beharrezkoa den kasuetan, zerotik hasiko gara", gaineratu dute.

Parte hartu nahi dutenek zuzenean lokalera bertaratzea nahikoa izango dute, baina, saioak hobeto antolatzeko, aurrez 642 07 97 40 telefono zenbakira deitzea edo idaztea komeni dela azaldu dute. Hala, interesdunek zein egun eta ordutan joan nahi duten zehaztu ahal izango dute. Bestalde, ez da beharrezkoa entrenatzeko materialik eramatea. Beharrezko guztia elkartearen lokalean izango dute eskura. "Beraz, etorri nahi duenak ez du zertan ezer ekarri beharrik; gogoa besterik ez", adierazi dute.