Debasket Saskibaloi Klubak 10. urteurren festa egingo du larunbatean

Izaro Aulestiarte Lete

2024/2025 denboraldian ateratako talde argazkia.

Hamar urteko ibilbidea osatuko du aurten Debasketek eta festa giroan ospatuko du urtemuga. Larunbatean, irailaren 5ean, izango da ospakizun nagusia eta egun osoko egitaraua iragarri du klubeko zuzendaritzak.

Irailean hamar urte beteko dira Debasket Saskibaloi Klubak bidea abiatu zuenetik eta saskibaloi zaleei eta herritar guztiei zuzendutako egitarauarekin ospatuko dute urteurrena, larunbatean. Goizean hasi eta iluntzera arte luzatuko da festa giroa eta, besteak beste, saskibaloi partidak, musika eta herri bazkaria izango dira eguneko protagonistak; aurreratu dutenez, 180 bat lagunek parte hartuko dute zumardiko karpan egingo den herri bazkarian.

Egitarauaren berri ematearekin batera, ekintzetan parte hartzeko eta festara batzeko deia egin dute antolatzaileek. Hona hemen urteurren festaren egitaraua:

IRAILAK 5, LARUNBATA

  • 10:30. 3x3 partidak zumardian (Gipuzkoako Saskibaloi Federazioaren laguntzarekin ekarritako kantxa ofizialarekin).
  • 14:15. Debasket familiako argazkia eta bazkari herrikoia (14:30ean) zumardiko karpan.
  • Ondoren, saskibaloi partidak.
  • 18:00. Festa DJ Miren Gisasolarekin.