Elkartasun azoka antolatu du Debako Kooperazio Taldeak

Nerea Bedialauneta Alkorta

Larunbatean (irailak 5) eta igandean (irailak 6) egingo dute azoka, udaletxe azpiko arkupeetan. 

Debako Kooperazio Taldeak elkartasun azoka antolatu dute asteburu honetarako. Salmenta postua larunbatean eta igandean, irailak 5 eta 6, jarriko dute udaletxe azpiko arkupeetan, 11:00etatik 14:30era.

Postuan, ohi bezala, askotariko produktuak egongo dira eskuragarri. Eskaintzaren artean, Deban egindako artisau-lanak eta kanpotik ekarritako eskulanak, kosmetika naturaleko produktuak eta bidezko merkataritzako elikagaiak –besteak beste, kafea, arroza, txokolateak, infusioak, gailetak eta pasta– erosi ahal izango dituzte bertaratzen direnek.

Uztailean egindako azken azokan egin bezala, salmentetatik lortutako dirua Maliko Manina herrixkako emakumeei zuzendutako proiektu bat finantzatzen laguntzeko bideratuko dutela iragarri dute antolatzaileek. Hain zuzen ere, bertako emakumeek baratze komunitario bat abian jartzeko, harako beharrezko lanabesak eskuratzeko eta eremura ura eramateko baliatuko dute bildutako dirua.

Orain arte egindako azoken harrena ona ikusita, antolatzaileek herritarrak azokara gerturatzera eta ekimenarekin bat egitera animatu dituzte.