Abian da Animadeba, animazio analogikoa eta artisau-sorkuntza ardatz hartuta

Izaro Aulestiarte Lete

Atzo, hilak 9, ekin zioten nazioarteko animazio-jaialdi ezagunari Deban eta, larunbata bitarte, askotariko kultur proposamenek hartuko dute herria.

Atzo, asteazkenez, hasi zen bidea egiten Animadeba Nazioarteko Animazio Jaialdiaren hemeretzigarren aldia. Zumardian ezarritako Kutxa Zuriak, kioskoaren pareko terrazak eta Santa Maria elizako klaustroak hartu zituzten festibalaren baitan antolatutako lehenengo lau hitzorduak. Aurtengo bi gonbidatu nagusien —Spela Cadez animaziozko zinemako zuzendari eta ekoizlea, eta Hugo Covarrubias stop motion animazioaren arloko espezialista eta ikus-entzunezkoen eta antzerki lanen zuzendaria— atzerabegirakoek, Iskra Selectors-en emanaldiak, Sara Zozaya musikariaren kontzertuak eta Petite Casbah lanaren proiekzioak osatu zuten lehen eguteko egitaraua.

Hasiera baino ez zen izan, ordea, larunbata bitarte egitarau bete-betea izango baitu jaialdiak. Gaur, hilak 10, goizean goizetik ekin diete lehenbiziko ekitaldiei eta gauera artean egongo da zer ikusia eta zer gozatua. HEMEN ikus daiteke egitarau osoa.