Uda aurretik, ekainean, egin zuten aurtengo Arimen Gaua prestatzen hasteko lehenengo batzar irekia Deban, eta aste honetarako antolatu dute bigarrena: bihar, urriaren 6an, izango da, 19:00etan, Kultur Elkarteko liburutegian.
Hirugarren aldia izango du "euskaratik eta euskaraz, herritik eta herriarentzat" sortutako ekimenak udazkenean, urriaren 31ren bueltan. Eta, antolatzaileek aurreratu dutenez, ospakizuna ez da egun bakarrera mugatuko. Egitaraua ez dago, baina, guztiz zehaztuta eta itxita. Ospakizun parte-hartzailea izan dadin, hain justu, bilerara bertaratzeko dei egin diete herritarrei, ekimena elkarlanaren fruitu izan dadin.