Askotariko txoriak eraztundu dituzte Artzabalgo hezegunean

Nerea Bedialauneta Alkorta

Pako Zufiaur ornitologoak gidatu du saioa; lan zientifiko horren gakoak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute bertaratu diren herritarrek.

Hegaztien udazkeneko migrazio garaia aprobetxatuz, eta horietako asko bertara masiboki hurbiltzen ari direla baliatuta, eraztunketa zientifikoa egin zuten aurreko larunbatean (urriak 3) Artzabalgo hezegunean. 09:00etatik 12:00etara gauzatu zen Debako Udalak Aranzadi Zientzi Elkartearekin elkarlanean antolatutako saioa. Ekintza herritar orori irekia izan zen, eta Debako hezeguneetako biodibertsitatea ezagutaraztea izan zen helburu nagusia.

Bertaratu ziren guztiek lan zientifiko horren xehetasunak bertatik bertara ikusteko eta ezagutzeko aukera izan zuten Pako Zufiaur ornitologoaren gidaritzapean. Aranzadi Zientzia Elkarteko adituak azaldu zuenez, sare bereziak jarri zituzten ibai inguruan, txoriak modu kontrolatuan harrapatzeko. Haiek oihalezko poltsetan sartu zituzten eta, ondoren, ahalik eta denbora laburrenean eta kontu handienarekin, eraztundu eta neurtu zituzten, ondoren berriro askatzeko.

Herritarrek eurek askatu zituzten, banan-banan. Zufiaurrek azaldu bezala, tartsotik helduta askatu zituzten, txoriei minik ez emateko. 

Kode bakarra

Saioari dagokionez, prozesu horretan, hanketako batean kode alfanumeriko bakarra duen metalezko eraztun arin bat jarri zieten animaliei. Zufiaurrek nabarmendu zuenez, kode hori bakarra da —"pertsonen NANaren bestekoa"—, eta hegaztia identifikatzeko balio du. Horri esker, eta txori bera etorkizunean berriro harrapatzen edo ikusten badute, hasierako erregistroekin alderatzen dute; horrela, zein joan-etorri egiten dituzten edota haien egoera zein den jakin daiteke. Eraztunketak migrazioaren azterketan duen garrantzia ere azpimarratu zuen adituak.

Eraztuna jartzeaz gain, oinarrizko datu biometrikoak ere bildu zituzten. Txoriak pisatu, hegalaren luzera eta tamaina eta gantz zein muskulu erreserbak neurtu eta sexua eta adina zehaztu zituzten. Dena den, ale baten datu guztiak ezin izan zituzten jaso, pisatzen ari zirela ihes egin baitzuen.

Hamasei txori

Guztira, sei espezietako —martin arrantzalea, txantxangorria, erregetxoa, txioa, txinbo kaskabeltza eta errekatxindorra— hamasei ale harrapatu zituzten. Horietako hamalau eraztundu zituzten; izan ere, bi aurretik eraztunduta baitzeuden.

Zufiaurrek adierazi zuenez, espezie batzuk (txantxangorria, esaterako) migrazio bete-betean daude, eta beste batzuk bertakoak dira. Errekatxindorra ere oso espezie berezia dela azaldu zuen. "Bertan bizi dira, baina oso zailak dira ikusteko". Lan zientifikoaren gakoak azaltzeaz gain, txoriei buruzko beste hainbat azalpen biologiko ere eman zituen adituak. Saioak herritarren artean interes handia piztu zuen, eta bertaratuek arreta handiz erantzun zieten Zufiaurren galderei zein azalpenei.

2019tik garatzen den ekimena

Debako Udalak 2019tik antolatzen ditu hegaztien eraztunketa kanpainak Deban eta Itziarren, bereziki udalerriko ikasleei zuzenduta. Aurtengo edizioan, Luzaro ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleek bi saio egin dituzte: bata, aurreko ostiralean (urriak 2) gauzatu zen eta, bestea, gaur (urriak 5) egin dute.