Bizi-bizi, bizitasunez bizi programak ostiralean, hilak 9, hasiko du bere bidea Deban. Funtsean, 50 urtetik gorako pertsonei topagune eta laguntza-gune bat eskaintzera dator Udalak, Gizarte Zerbitzuen sailaren bitartez, eta Bizitzen Fundazioak elkarlanean aurkeztu duten egitasmoa; bereziki, egoera hauskorrean, zaurgarritasun egoeran, nahi ez den bakardadean edo autonomia galtzeko arriskuan daudenei zuzenduta dago.
"Sozializazio eta errehabilitazio gune aktibo" gisa aurkeztu dute ekimena eta, azaldu dutenez, parte-hartzaileen gaitasun pertsonalak mantentzeko eta indartzeko jarduerak eskainiko ditu. Taldeko dinamiken bitartez, arlo ezberdinak landuko dituzte, hala nola estimulazio kognitiboa, psikomotrizitatea, jarduera ludikoak eta ongizate fisiko, emozional nahiz soziala sustatzeko bestelako proposamen batzuk.
50 urtetik gorako pertsonek eta haien familiek ez ezik, etxez etxeko laguntza zerbitzuaren erabiltzaileek, lehen mailako mendekotasuna duten edo balorazio-prozesuan dauden pertsonek eta gaixotasun kronikoak edo hasierako narriadura kognitiboa duten herritarrek erabil dezakete programa.
Doako bi saio astean
Egitasmoa doakoa da eta astean bi saio egingo dituzte, Ispiluen gelan, astearteetan eta ostiraletan, 10:30etik 13:30era. Antolatzaileek azaldu dutenez, ostiralean egingo dute lehen saioa, baina izen-ematea ez dago itxita; 609 33 59 50 telefonora deituta edo nerea@bizitzen.org posta elektronikora idatzita eman daiteke izena.