Udalak sustatutako LGTBIQ+ programazioaren baitan iritsi da Debara Ni naiz naizena argazki erakusketa. Urriaren 1az geroztik ikus daiteke, Agirre jauregiko erakusketa gelan, eta hilaren 15era arte egongo da zabalik, aste barruan –18:00etatik 19:30era– nahiz asteburuetan –12:00etatik 14:00etara–.
Izaskun Arandiak zuzendutako Ni naiz naizena websailaren kapituluak grabatu bitartean sortu zen izenburu bereko erakusketa hori, eta helburu argia du: pertsona transek egunerokoan bizi dituzten egoerak, zailtasunak eta erronkak ezagutaraztea. Nagusiki, irudiak eta testigantzak biltzen ditu; dokumentalaren grabaketetan, Nere Falagan eta Eduardo Gaviña (Yogurinha Borova) argazkilariek irudiak atera zizkieten protagonistei, eta argazki horiek biografia, bizipen eta lekukotzekin batera aurkezten dituzte esposizioan.
Guztira, zortzi dira erakusketako protagonista nagusiak: Aitzole Araneta (Donostia, 1982), Eder Iturralde (Errezil, 1999), Alice Diez (Bilbo, 1994), Victor Viruta (Madril, 1977), Graham Bell Tornado (Aberdeen, Eskozia, 1966), Victor Alvarado (Valencia, Venezuela, 2003), Josebe Iturrioz (Ordizia, 1978) eta Fergie Barahona (Tegucigalpa, Honduras, 1991).
"Garena gara"
Ni naiz naizena ekimen ibiltaria da, herriz herri dabilena, eta Gehitu eta Mugen Gainetik elkarteen elkarlanaren fruitu da. Bi elkarteek giza eskubideen alde egiten dute lan, besteak beste, LGTBI+ pertsonen berdintasunaren alde, bai Euskal Herrian, bai Latinoamerikako hainbat herrialdetan. Hitz hauekin laburbiltzen dute Deban ikusgai den proiektuaren mamia: "Aldarrikapen gisa, argi utzi nahi izan dugu garena garela. Trans* pertsonekin lotutako estereotipo eta aurreiritziak amaitzea nahi dugu. Lehenik eta behin, euren burua nola definitzen duten jakin behar dugu, haien ametsak eta beldurrak zeintzuk diren, haien prozesu pertsonala nolakoa izan den, eta inguruko jendeak nola erantzun duen. Norbait ezagutu nahi badugu, ezin gara azalean geratu".
