Mintzalagunerako izen-ematea zabalik da Deban ere, 'Eman aukera elkarri' lelopean

Izaro Aulestiarte Lete

Berritasun gisa, mintzapraktika sarean egiteko aukera ere eskaini dute aurten.

Eman aukera elkarri leloa darabil mintzapraktika egitasmoan izena emateko kanpainak. Zuhatza elkarteak dinamizatzen du ekimena Deban, Taupa euskaltzaleen mugimenduarekin elkarlanean, eta 2026-2027ko ikasturterako izen-ematea egunotan zabaldu dutela jakinarazi dute.

Mintzalaguna programak urteak daramatza milaka pertsonari euskalduntzeko bidean laguntzen; euskara praktikatzeko guneak eskaintzen dizkie hizkuntza ikasi edo euskaraz gehiago aritu nahi dutenei. Funtsean, euskara taldean eta aisialdian praktikatu nahi duten pertsonak biltzen ditu: bidelagunak –euskaraz hitz egiteko ohitura dutenak– eta bidelariak –mintzapraktika egin nahi dutenak–. Modu boluntarioan aritzen dira guztiak, eta adostutako maiztasunarekin egiten dituzte saioak; normalean, astean behin, ordubetez.

Hiru talde osatu dituzte, baina izena emateko aukera zabalik dago ikasturte osoan

Euskaltzale boluntarioei esker, doakoa da bertan parte hartzea eta ekimena herritar guztiei irekita dago; antolatzaileek gogorarazi dute, hori bai, komeni dela gutxieneko euskara maila izatea. Parte hartu nahi dutenek Zuhatza elkartera jo beharko dute –613 92 01 73 telefono zenbakira deituta edo koordinatzailea@zuhatza.com posta elektronikora idatzita–, eta Internet bidez ere egin daiteke izen-ematea, taupamugimendua.eus estekan. Zehaztu dutenez, hiru talderekin abiatuko da, oraingoz, behintzat, ekimena herrian; astelehenetan elkartuko dira horietako bi, bata 15:30ean eta bestea 16:00etan, eta ostiraletan hirugarrena, 11:00etan. Baina ikasturte osoan egoten da zabalik izen-ematea; partaide berriak aurrez osatutako taldeetan sar daitezke, eta, beharren arabera, talde berriak sortzeko aukera ere aztertuko dute antolatzaileek. 

4.000 lagun, 500 bat taldetan

Taupako ordezkariek emandako azken datuen arabera, euskaltzaleen mugimenduaren baitan 4.000 lagun elkartzen ditu, gaur-gaurkoz, mintzapraktikak; 500 talde baino gehiagotan ari dira partaideak, 80 bat herritan.

Nolanahi ere, Euskal Herriko nahiz atzerriko txoko guztietara iristeko bidea ireki nahi dute, eta, horregatik, ikasturte honetan mintzapraktika sarean egiteko aukera ere zabaldu dute; hori da aurtengo berritasunetako bat. "Horrenbestez, bere herrian mintzalagunen talderik ez duenak, aurrez aurre bertaratzeko zailtasunak dituenak edo atzerrian bizi den euskaltzaleak aukera izango du bere taldea sarean osatzeko, eta, nahi duenean, aurrez aurreko saioetara edo ekintzetara bertaratzeko", azaldu dute sustatzaileek.